Euskararen ezagutza eta erabilera Barakaldoko senideen eta gazteen artean eta merkataritzan, ostalaritzan eta kirol alorrean

0

Euskararen ezagutza eta erabilera Barakaldon zabaltzea: hori du Barakaldoko Udalak aho batez onartu duen Euskara Sustatzeko Ekintza Plan berriak helburu. Horren berri eman du Euskara Arloko zinegotzi Iratxe Focesek, bide batez gogoratuz Barakaldo «ez dela zerotik abiatu helburu horri heltzeko asmoan» azken urteetan nabarmen hazi baita euskara ezagutu eta hitz egiten duten herritarren kopurua, izan ere, iaz, D ereduko eskoletako matrikulak, euskara hutsean ematen direnenak, alegia, B eredukoen kopurua gainditu zuten. «Aurreko ESEPk oso emaitza onak izan zituen, beraz, pozarren helduko diogu oraingoari», esan du.

Hirian haziz doa euskaldunen kopurua, edo euskara ezagutzak dauzkatenena.  1986an, barakaldarren % 2,6k egiten zuen euskaraz. Gaur egun, berriz, % 23tik goitik. «22.000tik gora bizilagun euskaldun dauzka Barakaldok, eta beste 16.000 euskara ulertzeko gai direnak. Datuok indarra ematen digute euskara gure hirian bultzatzen jarraitzeko estrategiak abian jartzeko», adierazi du.

Udaleko hizkuntza-politikaren oinarriak ezartzen ditu planak adostasunean oinarriturik; eta herritar guztiei zuzenduta dago eta helburuak lortzeko atxikimendua, egingarritasuna eta erritmo egokiak zehazten ditu. «Horretarako, ez gara zerotik abiatzen; baina, oso datu baikorrak dauzkagun arren,  hala ere, plana prestatzen geniharduela, zenbait alorretan ahalegin handiagoa egin beharra daukagula ohartu ginen, esate batera, handia da Barakaldon gaztelaniara jotzeko joera, oso urria da euskararen erabilera kalean…», azpimarratu du Focesek.