Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Jaurlaritzako bozeramailearen ekimenez, gaurko Gobernu Kontseiluak ontzat eman du Eusko Legebiltzarrari proposatzea, Andoni Aldekoa de la Torre izenda dezala EiTBko zuzendari nagusi izateko, 2013ko hasieraz geroztik Euskal Irrati-Telebistako Erakunde Publikoko zuzendari nagusiaren kargua betetzen ari den Maite Iturbe Mendialdua ordezkatuz.
Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako proposamena onartzeko eta Andoni Aldekoa de la Torre hautagaiak EiTBko zuzendari nagusiaren kargua hartzeko aukera izan dezan, jarraitu beharreko prozedura hainbat baldintza eta eperen mende dago.
«Euskal Irrati Telebista» erakunde Publikoa sortzeko maiatzaren 20ko 5/1982 Legearen 16. artikuluak, urriaren 11ko 4/1996 Legearen erreforman, honako hau ezartzen du: “Zuzendari nagusia Jaurlaritzak proposatu eta Legebiltzarrak hautatuko du, eta proposamena onartzeko, Legebiltzarkideen erdien gehi bat gehiagoren aldeko botoak beharko dira, gutxienez. Behi, hautaketa eginik, lehendakariaren dekretu bidez izendatuko da zuzendari nagusia”.
Gaurtik aurrera jarraitu beharreko izapideak honako hauek dira:
Jaurlaritzaren Idazkaritzako Zuzendaritzak berehala bidaliko dio proposamena Legebiltzarrari, hautagaiaren curriculum vitae-arekin batera.
Legebiltzarrak proposamena jasotzen duenean, legebiltzar-taldeei bidaliko die dokumentazioa, eta Legebiltzarreko Mahaiari helaraziko zaio proposamena, honek osoko bilkurara noiz bidali behar den ezar dezan.
Proposamena Bateraezintasunen Batzordeari ere bidaltzen zaio, aztertu eta dagokion txostena egin dezan.
Proposamena Osoko Bilkuran onartu ondoren, Legebiltzarrak Gobernuari jakinaraziko dio onartua izan dela, eta lehendakariak Izendapen-Dekretua argitaratuko du EHAAn.