Gobernuak kontrako iritzia agertu du EH Bilduk Legebiltzarrean aurkeztutako “euskara jakiteko eskubidea bermatzeko lege proposamena” aintzat hartzeari dagokionean

0

Eusko Legebiltzarraren araudiaren 148.2 artikuluan jasota datorren bezala, Eusko Jaurlaritzak bere iritzia eman dezake Legebiltzarrean aurkezten den Lege Proposamen bat aintzat hartzearen inguruan.

Gaurkoan, Gobernu Kontseiluak aztergai izan du EH Bilduk iragan irailaren 15ean aurkeztutako Lege Proposamena “Euskara jakiteko eskubidea bermatzekoa”.

Lege Proposamena aztertuta, Gobernuak erabaki du, aintzat hartzearen kontrako iritzia agertzea, hainbat arrazoirengatik:

Batetik, Eusko Jaurlaritzak, bereziki Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren bitartez, baina baita beste hainbat sailen bitartez ere, hainbat neurri eta jarduera garrantzitsu bultzatu eta jarri ditu abian azken lau urteetan, euskararen ikaskuntza eta ezagutza sustatzeko, euskararen erabilera areagotzeko, herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko eta, orohar, Euskal Autonomia Erkidegoan hizkuntza normalizazio osoa lortze bidean aurrera egiteko. Izan ere, helburu hauek aurreko Legealdiko Gobernu Programan helburu estrategikotzat izan ditugu, eta 2017-2020 Euskararen Agenda Estrategikoaren parte izan dira. Dagokien aurrekontu esleipena ere izan dute, eta dute.

Neurri horiek, jada finkatuta edo bideratuta daude Gobernuaren jardunean. Honakoak dira horietako batzuk:

  1. 2020ko irailaren 9ko Agindua, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuarena, euskarazko komunikagaitasun-mailen ebaluazioa eta egiaztatzegintza arautzen dituena, eta euskara-ikasle helduentzako dirulaguntzen deialdietarako irizpideak finkatzen dituena.
  2. Ikasleei zuzendutako dirulaguntzak hobetzea, matrikulak ordaintzeko. Eta zehazki, B2ra arteko matrikularen doakotasuna ezarritako baldintza betez.
  3. Legealdi honetarako aurreikusitako neurrien artean dugu, C1 maila egiaztatzea lortzen duten 16 eta 30 urte bitarteko ikasleei matrikularen doakotasuna bermatzea.
  4. Euskal Enplegu Publikoaren Lege berria, eta honen baitan enplegu publikoan euskararen erabilera normalizatzeko oinarriak jartzea.
  5. Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautzen duen apirilaren 15eko 86/1997 Dekretuaren erreforma – barne-izapidean dagoena–.
  6. Hezkuntza Lege berria, baita ere, XII. legegintzaldian onartzea aurreikusten dena, eta euskara ardatz duen sistema eleanitz baterantzko eredua helburu duena.

Bigarren arrazoi nagusia izan da, Lege Proposamen honen oso antzeko bat aurkeztu zuela 2018ko urrian Legebiltzar talde berberak. Orduan, Eusko Jaurlaritzak egitasmo hau tramitera onartzearen aldeko iritzi baldintzatua agertu zuen, eta bere bidea egin du Legebiltzarrean. Bide horretan eztabaidatutako gai batzuk Gobernuaren jardunean txertatu dira, baina, ez da testu baten gaineko akordiorik lortu.

Ondorioz, Lege Proposamenak jasotzen dituen hainbat gai eztabaidatuta edota Jaurlaritzaren politika eta programetan jada txertatuta eta bideratuta daudela eta, Gobernuak erabaki du, Lege Proposamen hau aintzat hartzearen aurrean, kontrako iritzia agertzea.