Tabakalerak Eusko Jaurlaritzaren eremuak programa jasoko du 2020an

0
PRUEBA

Tabakalerak Eusko Jaurlaritzaren eremuak programa irekia jasoko du, 2010ean sortu zena. Programak honako helburu hauek ditu: euskal eremuan praktika artistikoen testuingurua ezartzea eta artistentzako eta sortzaileentzako plataforma bat eskaintzea, eztabaidarako eta topaketarako giroa bultzatzea eta egungo errealitate artistikoaren behatoki gisa funtzionatuko duen lan-espazio bat egokitzea. eremuak kontzeptu ireki baten arabera diseinatuta dago, eta kontzeptu horrek praktika garaikideak eboluzioan dauden lan-prozesutzat hartzen ditu, eta praktika horietan dauden beharrak eta diskurtsoak identifikatzen saiatzen da. Honako jarduera-ildo hauek ditu: deialdi jarraitua, jardunaldi publikoak, argitalpen-ildoa, egoitzak, HARRIAK programa (EAEko kultur etxeetako erakusketen programa) eta praktika artistikorako laguntza berriak (sare artistikoa indartzea helburu dutenak).

Hona hemen zifra batzuk: hamar urtean izan duen ibilbidean, eremuak programak 100 proiektu baino gehiago babestu ditu deialdi jarraituaren bidez; 90 artista baino gehiagoren 30 erakusketa inguru antolatu ditu EAEko hainbat udalerritan, HARRIAK programaren bidez; dozena bat argitalpen propio kaleratu ditu; eta 8 jardunaldi publiko antolatu ditu, hainbat eguneko iraupenekoak, bere jardueraren berri emateko, besteak beste.

eremuak programaren edukiak artistek eta komisario independenteek osatutako batzorde tekniko batek sortzen ditu, Batzorde horrek txandaka funtzionatzen du. Gaur egun, honako hauek osatzen dute eremuak-en batzordea: Jose Ramon Amondarain eta Maider Lopez artistek eta Aimar Arriola komisarioak.

Hona hemen batzordekide izandako batzuk: Iñaki Imaz, Leire Vergara, Pello Irazu, Itziar Okariz, Peio Aguirre, Beatriz Herráez, Nuria Enguita, Fernando Illana, Pedro G. Romero, Daniel Castillejo eta Juan Luis Moraza.

Bilboko Azkuna Zentroan 4 urtez eta aurretik Gasteizko ARTIUMen beste 5 urtez garatu ondoren, 2020an programa Tabakalerara eraman da, aberasteko eta hazteko bide berriak aztertzeko helburuarekin.

eremuak 2020 Tabakaleran

Honako hauek dira eremuak 2020 programaren edukiak eta jarduera-ildoak:

  • Deialdi jarraitua: funtsezko funtzioa betetzen du; izan ere, testuinguruarekiko lotura ezartzen du eta bere hiru jardun-ildoetan jarraitzen du: arte-sorkuntza, bitartekaritza eta interpretazioa. eremuak programa duela 10 urte abiarazi zenetik, 100 proiektu baino gehiago lagundu dira deialdi jarraituaren bidez.
  • Praktika artistikorako laguntzak: euskal testuinguru artistikoaren behatoka den aldetik, eta arte-lanari datxekion prozesualitatea bultzatu eta babesteko hautemandako beharrari erantzuteko, eremuak-ek deialdi berri bat abiarazi du jarduera artistikoari zuzendutako 2 laguntza esleitzeko. Deialdi honen bidez, lagundu nahi da aurretik zehaztutako proiektuen menpekotasunetik askatzeko lan-denbora bat sortzen. Lehenengo edizioan Tripak taldeak eta Laida Lertxundi artistak jaso dute laguntza.
  • HARRIAK programa: EAEko kultur etxeetako aretoetan arte garaikideko erakusketen eta jardueren programa bat da, eta gorabidean datozen artistek zein bitartekariek hartzen dute parte. Programa horren helburuak honako hauek dira: batetik, gizartearen eta arte garaikidearen artean loturak sortzea, eta, horretarako, egungo praktika artistikoekin lotutako publiko berriak sortzea ahalbidetzea; eta, bestetik, artistei euren lanak erakusteko eta ezagutarazteko lekuak eskaintzea. Honako hauek dira edizio honetan parte hartuko duten areto eta udalerriak:Eskolondo zentroa, Ea, Bizkia; ARENATZarte, Gueñes, Bizkaia; Uhagon zentroa, Markina-Xemein, Bizkaia; Kulturate, Arrasate-Mondragón, Gipuzkoa; Oxford Aretoa, Zumaia; Bastero Kulturgunea, Andoain, Gipuzkoa.
  • Argitalpen-ildoa: jardunaldiekin bat eginez, aste honetan eremuak urteko aldizkariaren 7. zenbakia aurkeztuko da. Aldizkariaren helburua programa osatzen duten proposamenak ikusaraztea da, baita testuinguruko ikerketa- eta eztabaida-ildoak ere. Horretarako, berariazko gonbidapena egingo zaie teorikoei, artistei edo historialariei.
  • Egoitza artistikoak: eremuak-ek EAEko artistei zuzendutako bi egoitza-programa ditu, deialdi irekiaren bidez eskaintzen direnak: bata Halfhousen, Bartzelonan, eta bestea Art Omi-n, New Yorken. Bi programek izan dute jarraipena 2020an.
  • Jardunaldi publikoak Tabakaleran: urteko jardunaldiak dira eremuak programaren ekintza-ildoak ikusarazteko eta gizarteratzeko bide nagusietako bat. Aurtengo jardunaldietan, azken bi urteotan eremuak-en bidez babestutako zenbait proiektu aurkeztuko dira. Zehazki, deialdi jarraituan eta eremuak-en praktika artistikorako laguntzen bidez babestutako sortzaileek hartuko dute parte, baita HARRIAK programako parte-hartzaileek ere (programa hori EAEko kultur etxeekin lankidetzan gauzatu da). Halaber, esparru berean, eremuak­ aldizkariaren 7. zenbakia («zehatza” gaia oinarri duena) eta artista koadernoa aurkeztuko dira.

eremuak urteko jardunaldiak 2020ko urriaren 16an eta 17an izango dira, Tabakalerako Z aretoan, eta honako hauek izango dira aurkezleak:

Artiatx (Javier Arbizu, Oihane Iraguen, Irati Urrestarazu Zubizarreta), Nora Aurrekoetxea, Azpi kultur elkartea (Jon Ander Agirre, Maite Alonso, Iñigo Benito Molinero, Fran Fraca, Irati Gorostidi, Ane Zaldibar), Vis a vis (Laura Díez eta Amaia Molinet), Katixa Goldarazena, Teresa Lanceta, Ion Macareno, Antonio Menchen, Clara Moreno Cela, Ion Munduate, Olatz Otalora, Miel Oyarzabal, Ainize Sarasola, Tripak kolektiboa (Andrea Berbois, Maite Mugerza, Marina Suárez, Natalia Suárez).