Aixa de la Cruz Regúlez, Idoia Santamaria Urkaregi, Uxue Alberdi Estibaritz eta Borja Barragué Calvo dira gainontzeko Euskadi Literatura sarien irabazleak

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera eman ditu gaur Euskadi Literatura Sarietako aurtengo gainontzeko lau irabazleak, Donostiako San Telmo museoan. Literatura Gaztelaniaz, Euskarazko Literatura Itzulpena, Saiakera Euskaraz eta Saiakera Gaztelaniaz modalitateetako irabazleak dira gaurkoan ezagutzera eman direnak:

  • Literatura Gaztelaniaz: Aixa de la Cruz Regúlez, Cambiar de idea
  • Euskarazko Literatura Itzulpena: Idoia Santamaria Urkaregi. Aldibereko (Ingeborg Bachmann)
  • Saiakera Euskaraz: Uxue Alberdi Estibaritz, kontrako eztarritik
  • Saiakera Gaztelaniaz: Borja Barragué Calvo, Larga vida social a la democracia

Joan den astean ezagutzera emandako gainontzeko hiru sarituekin batera iragarri dira, dagoeneko, aurtengo Euskadi Literatura sarietako zazpi irabazleak. Honakoak dira joan den astean iragarritako gainontzeko hirurak: 

  • Euskarazko Literatura: Karmele Jaio Eiguren, Aitaren Etxea.
  • Euskarazko Haur eta Gazte Literatura: Iñigo Astiz Martinez, Joemak eta Polasak.
  • Lan Literarioaren Ilustrazioa: Miren Asiain Lora, un millón de ostras en lo alto de la montaña.

Bingen Zupiria sailburuak nabarmendu duenez, “Euskadi Litaratur sarien epaimahaiek, generoz genero, sarituen idazlanetan azpimarratu dituzten balio literarioek irakurleongan egiten dute benetako bidea eta irakurleen bidez lortzen, benetako zabalkundea”.  Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak gaineratu duenez, “aurreko astean ezagutzera eman genituen sariekin batera (Euskarazko Literatura, Haur eta gazte literatura eta Ilustrazioa), gorputz bat osatzen dute gaur aditzera emandako literatura sariok, baina, aldi berean, sari bakoitzak  bere esparru propioa du”.

Saridun bakoitzak 18.000 euroko saria izango du, eta beste 4.000 euro eskura ditzake bere lana beste hizkuntza batean argiratzen bada. Euskarazko Literatura Itzulpenaren irabazleak 18.000 euro jasoko ditu.

Datorren azaroaren 19an banatuko dira aurtengo Euskadi Literatura Sariak Azkuna zentroan egingo den ekitaldi batean. Egun horretan zazpi modalitateetako irabazleak bilduko dira.

Gaur ezagutzera emandako lau modalitate hauen inguruko informazio guztia hemen kontsulta daiteke.