Biofisika Bizkaia ikerketa-zentroak uneko krio-mikroskopio elektronikorik aurreratuena izango du

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua Biofisika Bizkaia ikerketa zentroko instalazioetan izan da gaur goizean, Leioan, UPV/EHU Zientzia Parkean. Hezkuntza Sailaren baitako Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentro (BERC) horren instalazioek bereizmen handiko krio-mikroskopio elektroniko bat izango dute, azken belaunaldikoa, une honetako aurreratuena eta mundu mailako ikerketa zientifikoan finkatuena. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak 4.453.791 euroko diru-laguntza onartu du Biofisika Bizkaia Fundazioarentzat, atzo egindako azken Gobernu Kontseiluan. Azpiegitura berria 2021eko udazkenean Leioan instalatua izatea aurreikusten da.

Bisitan, sailburuak bertatik bertara ezagutu ditu ekipamendu berria hartuko duten instalazioak, bai eta bikaintasuneko ikerketa-zentro honek biomenbranen biofisika molekular eta zelularraren arloan egiten duen lana ere.

Ekitaldian parte hartzaile izan dira, halaber, UPV/EHUko errektorea, Nekane Balluerka; Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea, Adolfo Morais; Ikerketa zuzendaria eta Biofisika Bizkaia Fundazioaren Patronatuko presidentea, Amaia Esquisabel; eta baita zentro honen zuzendari zientifikoa ere, Iban Ubarretxena.

Bereizmen handiko transmisioko krio-mikroskopio elektronikoa, crioME

Krio-mikroskopia elektronikoak (crioME) aukera ematen du lagin biologikoen egitura (proteinak, azido nukleikoak, konplexu makromolekularrak, organuluak, zelulak eta ehunak) bereizmen handian ikusteko eta zehazteko, ingurune fisiologiko batean, mikroskopio elektronikoak erabiliz.

Egun, Europako hegoaldeko Eskualde bakar batek ere ez du teknologia hori. Euskadin instalatuko den krio-mikroskopio elektronikoak honako hauek izango ditu: elektroi-iturri bat, irudiaren kalitatea bermatzeko sistema berritzaileak, eta detektagailu iraultzaile bat, Euskadiko biologo estruktural eta zelularren komunitateari aukera emango diona proteinen, birusen, zelulen eta ehunen egitura aurrekaririk gabeko bereizmenean ikusteko. Egitura horiek SARS-CoV-2 eta GIBak eragindako gaixotasunen, hainbat minbizi motaren edo gaixotasun neurodegeneratiboen –Alzheimerra eta Parkinsona kasu- aurkako estrategia terapeutiko berriak garatzeko oinarriak ezarriko dituzte.

Azken hamarkadan izan diren aurrerapen ikusgarriek –teknologikoak zein software aurrerapenak- CrioME bultzatu dute, biologia estrukturalean mundu mailako benetako iraultza eragin arte. Beste zenbait aurrerapenen artean, SARS-CoV-2ren estalkiko proteinen egitura zehaztea ahalbidetu du honek, funtsezkoa koronabirusaren aurkako txertoaren garapenean ikertzeko.

Esaterako, azken hilabeteotan hain ezaguna egin den SARS-CoV-2ren irudia (esfera bat, “koroa” moduko bat osatzen duten «arantzaz» inguratua) Biofisika Bizkaia ikerketa zentroak eskuratuko duenaren antzeko krio-mikroskopio elektronikoei esker ikusi ahal izan da.

Gaur egun, herrialde aurreratu gehienek dagoeneko txertatu dituzte teknologia disruptibo hauek, biomedikuntzan aplikazioa izango duten biologia estrukturaleko bikaintasuneko ikerketak ahalbidetzeko.

Krio-mikroskopioari esker, Euskadiko mikroskopia sareak aurrerapen esanguratsua izango du, bereizmen handiko egitura biologikoak ebazteko gaitasuna bere eginez. CrioME teknologiek bilakaera erradikala izan duten testuinguru batean, azpiegitura hau inplementatzeak, azken belaunaldiko bereizmen handiko krio-mikroskopio elektroniko bat eskuratuta, gaixotasunekin lotutako egitura molekular eta zelularrak zehaztea ahalbidetuko du, gaixotasun horiek ulertzeko eta ondoren modu eraginkorrean horiei aurre egiteko.

Krio-mikroskopio elektronikoa Biofisika Bizkaia ikerketa zentroan kokatuko da, BREM (Basque Resource for Electron Microscopy) egituraren barruan. BREMek azken belaunaldiko crioME teknologia disruptiboa txertatuko du, eta eremu horretan ikertzen duten ikerketa-taldeentzat izango da eskuragarri, baldin eta BERC, IKZ, unibertsitate, osasun-ikerketako zentro, teknologia- eta berrikuntza-zentro eta sektoreko enpresa batzuetakoak badira. Teknologia berri hori sartzeak eragin eraldatzailea izango du Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarean, eta gure garapen teknologikoa bultzatuko du biozientzietan eta biomedikuntzan, RIS3 Euskadi 2030 estrategiaren barruan.

Biofisika Bizkaia

FBB – Biofisika Bizkaia Fundazioa bikaintasunezko ikerketa zentro bat da (BERC), 2007an Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarrekin sortua, biomenbranen biofisika molekular eta zelularraren arloan bikaintasuneko ikerketa sustatzeko helburuz. Biofisika Fundazioaren misioa da biofisikaren esparruan abangoardiako eta bikaintasun translazionaleko ikerketa-programa multidiziplinar bat sustatzea, bai maila molekularrean, bai maila zelularrean, bioteknologia eta osasun arloetan aplikagarria izango dena.

Zentroaren helburua da zubi-lana egitea biofisikako oinarrizko ikerketaren interesa gure gizarteko produkzio- eta zerbitzu-sektoreetara hurbiltzeko. Sortu zenetik, zentroak maila altua erakutsi du mintz biofisikoei buruzko oinarrizko ikerketaren arloan, eta gaur egun beste eremu batzuetara zabaltzen ari da, hala nola, zelulen eta sistemen biofisikara.

Gaur egun, Biofisika Bizkaia Institutuak UPV/EHUko, Ikerbasqueko eta CSICeko ehundik gora zientzialari hartzen ditu, eta nazioartean ospe handia lortu du. Bere lana, zehazki, honako hauek identifikatzea da: zelulen metabolismoaren azpian dauden mekanismo fisikoak eta kimikoak; zelulen arteko komunikazioa eta birusen inbasio zelularra; garuneko ikaskuntza eta memoria; eta ehunen birmoldaketaren kontrola animalien eta gizakien garapenean. Ezagutza horri esker, zentroak estrategia terapeutiko berriak iker ditzake, hala nola GIBaren aurkako eta, berrikiago, SARS-CoV-2ren aurkako txertoen garapenerako, edo garuneko nahasmenduen (epilepsia, adibidez) eta gaixotasun neurodegeneratiboen aurkako botiken garapenean.