Donostiak eta Miarritzek bi hirien arteko lankidetza zehaztu dute

0

Eneko Goia Donostiako alkateak eta Maider Arosteguy Miarritzeko alkateak lan-jardunaldi bat egin dute proiektu estrategiko nagusiak aztertzeko eta mugaz bi aldeetako bi euskal hirien arteko lankidetza-puntuak zehazteko.

Donostia barneko mugikortasun planak eta mugaz haraindiko mugikortasuna izan dira Donostiako eta Miarritzeko ordezkaritzen arteko agendaren lehen zatia. Hala, Goiak eta Arosteguyk bi urbanizazioen arteko komunikazioa hobetzeko aukerak aztertu dituzte, bereziki Donostiaren eta Biarritzeko Nazioarteko Aireportuaren arteko lotura hobetzeko aukerak.

Bi aldeak bat etorri dira Abiadura Handiko Trenak Donostia eta Irun arteko adarra lotzeko proiektua amaitu eta Frantziako sarearekin lotzen denean izango duen garrantziaren inguruan. Gainera, alkatesak Donostiak mugikortasun iraunkorrago baterako bidean dituen planak ezagutzeko aukera izan du, gune nagusiak topoa eta hiriko trafiko-fluxuen hobekuntza direlarik.

Ekonomia aurreratua izan da bisitaren bigarren zatia. Goiak eta Arosteguyk Miramongo Parke Teknologikoa bisitatu dute, eta bertan hainbat esparrutan garatutako proiektu nagusiak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dute. Hala, Vicomtech, Graphenea, Cidetec, Tecnalia eta Orona bezalako proiektuak ezagutu dituzte. Gainera, bi ordezkaritzek Basque Culinary Center, Tabakalera eta Kursaal ezagutzeko aukera ere izan dute.

Eneko Goia Donostiako alkateak azpimarratu du oso garrantzitsua dela hiriarekin lotura estutzea, izan ere, hiri horrekin puntu komun asko ditugu, «bai historiagatik, bai gure errealitate urbanoaren eta ingurunearen egungo errealitateagatik. Horrela, bi hirien arteko lotura hobetzeko aukera aztertzea interesgarria dela uste du, bai errepidez, bai trenez». Interes komunak ditugun gaietan sakontzeko prest agertu da Goia, “bi hirien arteko lankidetzak indartu egingo gaituelako eta nazioartean gune interesgarri eta erakargarri gisa proiektatzeko aukera emango digulako”.