Etxebizitza Sailak Arangoitiko gazteentzako 60 apartamentuak entregatuko ditu

0
PRUEBA

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, Arangoitiko gunean (Bilbo) gazteek alokairuan hartzeko Sailak eraiki duen zuzkidura-bizitokien (ZB) eraikina bisitatu du. 60 apartamentu dira, eta, haien bidez, ehun pertsona ingururi emango zaie ostatu; apartamentu horiek urria amaitu aurretik ematea aurreikusten da. Obra gauzatzeko, 3,64 milioi euroko inbertsioa egin da. (3.645.996 €).

Etxebizitza-tipologia horrek, 2015ean onetsi zen Etxebizitza Legearekin bat etorriz, aldi baterako ostatua ematen die etxebizitzara jotzeko zailtasunak dituzten kolektiboei, eta gazteen etxebizitzetarako beharrei lehentasunez erantzuteko ezaugarri egokiak ditu. Arangoitiren kasuan, etxebizitza guztiak 35 urtetik beherako gazteei esleitu zaizkie.

Apartamentuen ezaugarriak

Eraikinak 60 etxebizitza ditu, beheko solairuan eta hiru altueratan banatuta; 6 etxebizitzak bi logela dituzte, eta 54 apartamentu logela bakarrekoak dira. Azken horietako bi erabat egokituta daude eta irisgarriak dira mugikortasun-arazoak dituzten pertsonentzat. Etxebizitza guztiek dituzte sukaldeko altzariak, hozkailua, labea, mikrouhina, bitrozeramika, garbigailua eta ke-kanpaia.

Eraikinak bi igogailu eta geotermia-sistema baten bidezko berogailu zentralizatu berriztagarria ditu. Era berean, laguntzako gas-galdara du. Etxebizitzetan berokuntza zoru erradiatzailearen bidez banatzen da.

Arriola sailburuak gogorarazi du gure gazteak gero eta beranduago emantzipatzeko motibo nagusietako bat dela etxebizitza garestia dela, eta zera esan du: “gure erantzukizuna aintzat hartuta, ahalegin bizia egiten jarraituko dugu, etxebizitza falta ez izateko gazte bilbotarrek eta Euskadiko gainerako udalerrietako gazteek beren bizitzari ekiteko oztopo gaindiezina”.

Alokairuko zuzkidura-bizitokiak, udalekin lankidetzan, Etxebizitza Sailaren apustua dira, eta pasa den legegintzalditik ari da horiek garatzen. Arriola sailburuak esan duenez: “gure gazteak emantzipatzeko formula eraginkorrena da, lehen etxebizitza eskuragarriaren eta beren beharretara egokitzen denaren bidez”.

Hori dela eta, ZBak alokatzeko aurreikusten den gehieneko epea bost urte dira; izan ere, horien bidez lortu nahi dena ez da esleipendun diren gazteak epe mugagabez geratzea apartamentu horietan, baizik eta denbora-tarte horretan familian bizitzeko etxebizitza aurkitu ahal izatea, dela jabetzan, dela alokairuan. Eta libre utzi duten apartamentua beste gazte batek okupatu ahal izatea.

Arangoitiko bizitokiak abian jartzeaz gainera, Etxebizitza Sailak beste bizitoki batzuk eraiki ditu Mina del Morron (86), eta, laster, Txurdinagan hasiko da beste batzuk eraikitzen (107), bai eta Zorrotzaurren ere (60). Jarduketa horiek aintzat hartuta, guztira 313 zuzkidura-bizitoki baino gehiago izango dira, guztira, Bilbon.

55 etxebizitza sozial

Arriola sailburuak, gainera, bisitan iragarri du Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak berrogeita hamar etxebizitza sozial eraikiko dituela zuzkidura-bizitokien alboko lurzati batean. Proiektuak bi eta hiru logelako 55 etxebizitza sozial eraikitzea aurreikusten du, trasteleku eta garajeekin, hiru solairuko bi eraikinetan banatuta eta sotoko solairuko aparkalekuekin. Eusko Jaurlaritzak, sustapen hori egiteko, 6,5 milioi euro inguru (6.406.000 €) inbertituko ditu.

“Horrela –esan du Arriola sailburuak–, gure sailak etxebizitza sozialen parke publikoa handitzeko ahalegina egiten jarraituko dugu, parke publiko horrek euskal herritarrek etxebizitza eskuragarria izateko dituzten beharrei erantzun eraginkorra eman ahal izateko”.