Eusko Jaurlaritzak modu aktiboan hartzen du parte Eskualdeetako lantaldearen bilkuran eta Eskualde eta Hirien Europako Astean

0

Eusko Jaurlaritzaren izenean, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, egun hauetan, Bruselan egiten ari diren Eskualdeetako Europako Batzordearen bileretan —kide batzuk bertan daude eta beste batzuk modu telematikoan dihardute— ari da parte hartzen.

Bileran, hainbat gai eztabaidatzen ari dira EBko ordezkari nagusiekin; besteak beste, Europako Batzordeko lehendakari Ursula Von der Leyen-ekin Urteko Tokiko eta Eskualdeko Barometroari buruz eztabaidatzen ari dira; Kohesio eta Erreformen komisario Elisa Ferreira-rekin kohesioari buruz; Frans Timmermans lehendakariordearekin Itun Berdeari buruz; Ekonomiako komisario Paolo Gentiloni-rekin erresilientziari eta susperraldiari buruz; Alemaniaren Kontseiluko presidentziari buruz, Angela Merkelen parte-hartzearekin; Europako Inbertsio Bankuaren lehendakari Werner Hoyer-ekin, susperraldirako Funtsei eta Europako Inbertsio Bankuari buruz; eta Enpleguko eta Gizarte Eskubideetarako Europako komisario Nicolas Schmit-ekin gizarte-gaiei buruz.

Oraingo honetan, Eskualdeetako Batzordeak guztira 25 irizpen eta ebazpen bat —Euskadik 25 zuzenketa aurkeztu ditu— modu elektronikoan bozkatu ditu.

«EBren osasun-larrialdiko mekanismoari» buruzko irizpen-proiektuari dagokionez, Eusko Jaurlaritzak gogoratu du COVID-19aren aurkako borrokaren barruan zirkulazio-askatasuna murrizteko hartutako neurriak herritarren osasuna babesteko helburuarekin hartu zirela.

Adimen Artifizialari buruzko Liburu Zuriaren inguruko proiektuari loturik, Adimen Artifiziala garatzeko zibersegurtasuna eta konfiantza digitala handitzeak duen garrantzia azpimarratu du.

«Eskualde-berrikuntzaren adierazleen taulari» buruzko irizpen-proiektuan metodologia hobetzea proposatzen da; era horretan, faktore zuzentzaileen erabilerak neurketaren kalitatea ez konprometitzeko; faktore zuzentzaile horiek Estatu bateko eskualdeek errendimendu berritzaile homogeneoak dituztela onartzen baitute, eta hori ez da horrela.

REACT-EU sortari buruzko irizpen-proiektuaren kasuan, kohesio-politikaren helburuen araberako operaziotarako funtsen transferentziarako ehuneko handiagoa mantentzearen aldekoa da Eusko Jaurlaritza.

Enpresa txiki eta ertainentzako estrategiari buruzko irizpen-proiektuaren inguruan, Eusko Jaurlaritzaren zuzenketek beharrezkoa ikusten dute enpresa-munduan generoari lotutako alderdiak kontuan hartzea berdintasunaren alde urratsak emateko. Halaber, ingurumen-eskakizun eskasagoak dituzten guneek lehiatzean abantailak ez izateko karbono-emisioak mugatzeko mekanismoak ezartzea ere beharrezkoa ikusten dute.   

Era berean, «Europako Hiri Jasangarriei buruzko Leipzig-eko Karta berritzeko» irizpen-proiektuaren inguruan, eskualde-eskala kontuan hartzeko eta hirien erronken artean irisgarritasun unibertsala gauzatzea barne hartzeko proposatzen du Eusko Jaurlaritzak.

Gainera, egiten ari diren bilera horiekin batera, Open Days edo 2020ko Eskualde eta Hirien Europako Astea —modu birtualean— egiten ari dira. Eztabaidatzeko eta jardunbide egokiak trukatzeko urtero antolatzen duten hitzordu horretan Euskadik hainbat mintegitan hartzen du parte. Hala, Europako Gaietarako zuzendari Mikel Antonek hizlari gisa hartuko du parte Europako makroeskualdeen etorkizuneko ikuspegiei buruzko mintegian; eta Euskadiren Europar Batasuneko ordezkari Marta Marinek, berriz, kohesio-politikaren bidez Garapen Jasangarrirako 2030 Agenda gauzatzeari buruzko mintegian.