Artolazabal: “Euskal erakundeok jakin dugu eraginkortasunez erantzuten pandemiak eragindako etxegabetasunaren larritzeari”

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak esan duenez, “euskal erakundeok jakin dugu eraginkortasunez erantzuten pandemiak eta konfinamenduko asteek ezustean eragindako etxegabetasunaren larritzeari”, Elkarrizketa Zibilerako Mahaiaren bazterketaren aurkako batzordearen eskutik eginiko lanari esker.

Artolazabalek nabarmendu duenez, bizi izan dugun larrialdi-egoerak agerian utzi ditu lehen etxegabetasun-egoerarik bizi ez zuten pertsona askok etxebizitzara jotzeko dituen zailtasunak, bai eta ordura arte pentsioetan edo hosteletan bizi zirenenak ere, eta bizitokia eduki arren enplegua galdu ondoren hari eusteko aukerarik izan ez zutenenak, edo ezkutuko ekonomiari esker bizi ziren pertsonenak –besteak beste, etxeko langileak–.

Hori horrela, sailburuak nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak pandemiaren eraginari erantzuteko “konfinamenduaren hasieran premiaz” onetsi zuen Inor Atzean Utzi Gabe funtsaren balioa; funtsak 10 milioi euroko zuzkidura du. Funts horretatik, hamar bat programa sortu dira, eta programa horiek beste autonomia-erkidego batzuetako bazterketaren aurka konprometituta dauden eta aktiboenak diren gizarte-erakundeentzako jardunbide egokien eredu izan dira.

Covid 19-aren aurkako funtsaren esparru horretan, hirugarren sektore sozialarekin bi programa adostu ziren. Bi programa horiek elkarri lotuta daude, eta etxerik gabeko pertsonen kolektiboari zuzentzen zaizkio, bereziki: Aterpeak eta Lehen Urratsa.

Aterpeak programa, zehazki, konfinamenduaren adierazpena egin ondoren, etxerik gabe geratu ziren pertsonen egoerari premiaz erantzuteko jarri zen abian; pertsona horiek euskal administrazio publikoek gaitutako babeslekuetan hartu zituzten. Alarma-egoera amaitu ondoren, Lehen Urratsa ekimenak babeslekuetan ostatu hartu zuten pertsonei laguntza sozialdun ostatu-aukerak eskaini dizkie.

Artolazabalek, halaber, 2018-2021eko Etxerik gabeko Pertsonentzako Euskal Estrategiaren balioa ere nabarmendu du; “zalantzarik gabe», etxegabetasunarentzako arreta-sistema hobetzeko tresna egokia izaten ari da. Hala, estrategiaren indarraldiko lau urteetako lehen urtean bakarrik, Planaren ardatz gehienen garapena egokia izan dela nabarmendu du, “eta 1,8tik gorako puntuazioa” izan duela, “0 eta 3 bitarteko eskalan”.

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, hala, Isabel González Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Eusko Legebiltzarraren kontrol-saioan eginiko galderari erantzun dio.