Bilboko alkateak bilbotarrak animatu ditu Euskaraldian parte hartzera

0

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak bilbotar guztiak animatu ditu Euskaraldiaren bigarren edizioan parte hartzera, 2020ko azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte.

Hamasei urtetik gorako pertsonek izena eman dezakete ekimenean, ahobizi edo belarriprest moduan. Horretarako hainbat bide daude: www.euskaraldia.eus, sakelako telefonoetarako Euskaraldia aplikazioa, Goienkaleko informazio-gunea, edo auzoka antolatuko diren ekimenak eta informazio-mahaiak.

Aburtok esan duenez, Euskaraldiarekin bat egitea “keinu xume bat da, baina aldi berean errespetuzko, ilusiozko eta bizikidetzazko keinu handi bat da, euskararen, gure hizkuntzaren alde”. Gainera, alkateak gogora ekarri duenez, “2018an parte hartu zuten 17.000 bilbotarrek bigarren edizioan errepikatzea nahi dugu, eta parte hartu ez zutenak oraingoan animatzea eta Euskaraldian parte hartzea”. Azkenik, Juan Mari Aburtok azpimarratu du “parte hartzea dela garrantzitsuena, eta euskara biziberritzeko helburuan elkarrekin aurrera egitea, eguneroko bizitzan haren erabilera areagotuz”.

2018ko lehenengo edizioan bezala, Aburto alkateak bat egin du ekitaldiarekin. Oraingoan online egin du, www.euskaraldia.eus web-orrian.