Bilboko Udalak oinezkoen bideen sare bat osatu du Arangoitiko magalean

0

Arangoitiko magala uriaren gaineko behatoki bikain bat da. Ezaugarri hori baliatuz, Bilboko Udalak egokitu egin du inguru hura parke publiko gisa, eta oinezkoentzako ibilbide irisgarriez hornitu du, Arangoiti eta Deustu lotuz.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako zinegotziarekin eta udal korporazioko beste kide batzuekin batera, aisialdiko gune berri hura ikusten izan da gaur. Udal ordezkarien segizioa igarobide goratu berri batera ere hurbildu da, Gorbeia eta Ganeta Mendiaren kaleen arteko bidegurutzean: nabarmenki hobetzen da inguru hartan bizi diren herritarren segurtasuna igarobide berriarekin.

“Lan honi esker –adierazi du alkateak–, bilbotarrek, gaur, aukera izango dute parkea ikusteko eta han ibiltzeko, orografia zailaren eragozpenik gabe. Inguru hartako malda handiak zaildu egiten zuen zirkulazioa lehen. Orain, ordea, baditugu oinezkoentzako ibilbide irisgarriak, magalean goitik beheraino ibiltzeko aukera ematen dutenak. Pasealekua zabalagoa da orain, gainera, zenbait gunetan, egoteko leku berriak sortzeko aukera emanez, guztiak ere jarlekuz eta argiztapenez hornituak”.

Parke berria muna batean dago kokatuta, Ramón y Cajal kalearen eta Araneko kalearen atzealdeen artean. Halaber, Deustuko kaputxinoetarako aldaparekin bat egiten du, magalaren erdialdera. Lanak egin diren guneak 12.400 metro koadroko eremua hartzen du, eta horietatik 700 metro bidexkek eta egoteko lekuek hartzen dute.

Pasealeku guztiak dira irisgarriak, eta bat egiten duten lekuen arteko lau lekutan, beste horrenbeste plaza atondu dira. Egoteko lekuetan, gainera, badira jarlekuak eta paperontziak, eta bideek zurezko barandak dauzkate, babesteko.

Bideak 2 metro zabal dira, salbu eta mantentze lanetako ibilgailuen sarbide gisa egokitu direnak, 3 metro zabal dira-eta lekurik meharrenetan.

Beste alde batetik, Araneko kalearen atzealdean, 3 eta 15 zenbakien artean, arranpa bat egin da, eta eskailera bat ere bai, inguru hartako irisgarritasuna hobetzeko; hala, gainera, zerbitzu ematen zaio kale hartako 17. zenbakiko bigarren sotoan dagoen haurtzaindegiari.

Beste arranpa bat ere egin da, haurtzaindegia lotzeko umeen olgeta-lekuak dauzkan parkearekin, zeina ondo-ondoan baitago. Inguru hori zabalagotu egin da, esku hartzea baliatuz, eta, orain, 900 metro koadro dauzka; halaber, tresna bio-osasungarriak ezarri dira han.

Araneko kalearen atzealdean komun publiko berri bat ipini da, 9. zenbakiaren peko igarobidearen ondoan.

Obra osatzeko, argiztapen-sare berri bat egin da, bai mendiaren magalaren aldean bai Araneko aldean, eta hiri altzari berriak ere ipini dira.

Lan horien guztien aurrekontua 2,1 milioi euro izan da.