Emakunde Europako Funtsetan berdintasuna sustatzeko ekimenak bultzatzen ari da

0

Emakundek Europako hainbat saio eta mintegitan parte hartu du urrian, Europako Funtsetan genero-ikuspegia sar dadin bultzatzeko. Urriaren 14an prestakuntza-saio bat antolatu zen Europako Funtsetako Berdintasunari buruzko Lantalde Teknikoaren (EEFBLT) barruan, Emakundek antolatuta. Saioa formatu hibridoan egin zen, modu presentzialean Eusko Jaurlaritzaren Bilboko egoitzan eta modu birtualean Internet bidez.

Bileran parte hartu zuten Eusko Jaurlaritzako eta foru-aldundietako Europako Funtsen (EGEF, EGF, LGENF eta EIAF) bitarteko erakundeetako ordezkariek eta dagozkien berdintasun-unitateek.

Bileraren helburua izan zen 2020rako eta 2021erako onartutako EEFBLTren lan-planaren esparruan erakunde bakoitzak abian jarriko duen lan-prozesurako oinarriak ezartzea, Europako Funtsekin egindako esku-hartzeetan genero-ikuspegia txertatzeko.

Emakundek «Emakumeen eta gizonen berdintasuna kohesio-politikan» mintegian parte hartu zuen baita ere joan den urriaren 7an. Mintegi hori Europako Batzordeko Eskualde eta Hiri Politikako Zuzendaritza Nagusiak antolatu zuen, Eskualdeen eta Hirien 18. Europako Astearen esparruan.

Mintegiaren helburua izan zen Europako egitura- eta inbertsio-funtsen diseinuan, gauzatzean, jarraipenean eta ebaluazioan emakumeen eta gizonen beharrak eta interesak txertatzeko jardunbide egokiak partekatzea eta funtsezko arrakasta faktoreak identifikatzea.

Mintegia modu birtualean egin zen, eta Europako funtsen eta berdintasunaren esparruan diharduten 100 profesional inguruk parte hartu zuten.

Eusko Jaurlaritzan eta foru-aldundietan Europako funtsez arduratzen diren erakundeekin eta berdintasun-unitateekin lankidetzan Emakunde egiten ari den lana esparru horretan dagoen jardunbide egoki bezala aurkeztu zen. Bereziki, Europako Funtsetako Berdintasunari buruzko Lantalde Teknikoan (EEFBLT) gauzatzen ari den erakunden arteko lankidetza nabarmendu zen. Lantaldea 2015ean formalki eratu zen, Emakunderi atxikitako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Erakunde arteko Batzordean.