Euskal herritarrek diskriminazioa antzematen dute

0

Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak, gaur goizean, Euskadiko immigrazioari eta integrazioari buruzko X. Jardunaldiak inauguratu ditu. Esparru horretan, Irune Ruiz Immigrazioaren Euskal Behatokiko ikertzaileak ‘Aniztasuna eta diskriminazioa Euskadin: diskriminazioaren inguruko pertzepzioak eta jarrerak’ azterlanaren lehen ondorioak aurkeztu ditu. Azterlana amaitzen ari da Ikuspegi egunotan. Sailburuak berak esan duenez, azterlan horrek honako hau erakusten du: “euskal gizarteak diskriminazio-egoerak antzematen ditu, baina, oro har, gizartea pertsonak bakarka baino diskriminatzaileagoa dela uste dugu”.

Azaldu duenez, gutxiengo etnikoek eragiten dute gutxiespen gehien, “bereziki ijitoen herriak eta musulman erlijioko pertsonek”. Gainera, txostenak emakumeentzat kristalezko sabaia –zailago dutela erantzukizun-lanpostuetara jotzea– dagoelako pertzepzio soziala uzten du agerian, esan duenez. Zehazki, eta arloka banatuta, alokairuko etxebizitza batera jotzeko aukeran dago desberdintasun gehien.

Amilibiak esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren iritziz funtsezkoa dela hurbilketa akademikoa egotea errealitate horretara, eta horrek “neurriak hartzeko” aukera emango duela. Beatriz Artolazabalek zuzentzen duen sail honen funtsezko printzipioa da “pertsona guztiek aniztasuna tratu-berdintasunean eta eskubide-berdintasunean oinarrituta bizitzeko duten eskubidea” defendatzea.

Jardunaldiak

Euskadiko immigrazioari eta integrazioari buruzko X. Jardunaldiak Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eta Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitateak antolatu dituzte, eta Ikuspegi – Immigrazioaren Euskal Behatokiaren eta Biltzen – Kultura arteko Integrazioaren eta Bizikidetzaren Euskal Zerbitzuak izan du zuzendaritza teknikoaren ardura. Jardunaldien izenburua honako hau da: ‘Aniztasuna eta diskriminazio anizkoitza: hurbilketa intersekzionala’. Jardunaldiak UPV/EHUko Bizkaia Aretoan egiten ari dira, fisikoki, baina telematikoki ere jarrai daitezke, honako esteka honen bidez: https://labur.eus/x23le.

Haietan, gaur, Irune Ruiz ikertzaileaz gainera, Miguel Laparra adituak eta Nafarroako kontseilari ohiak, Nafarroako Unibertsitate Publikokoak ere parte hartuko du, eta honako gai hau jorratuko du: ‘diskriminazio anizkoitza hurbilketa intersekzionaletik’. Gainera, bi mahai-inguru programatu dira, honako tematika hauek aztertzeko: Diskriminazioa bizitzea eta neurtzea: gizarte-esperientziaren eta esperientzia akademikoaren arteko elkarrizketa, eta Pandemiak berdinak egiten gaitu? Diskriminazioa COVID-19ren garaian.

Bihar, beste hiru mahai-inguru egingo dira, eta aditu ugarik parte hartuko dute. Hala, honako ideia hauek aztertuko dira: Haurtzaroa eta nerabezaroa: jokabide diskriminatzaileen aurreko gakoak; Diskriminazio anizkoitza autonomia pertsonaleko eta gizarteratzeko prozesuetan, eta Adinekoen aniztasunarekiko arreta.