Eusko Jaurlaritza eta euskal erakundeak Europako agendan eta Europako eskualdeen eztabaidarako urteko foro europarrean posizionatuta

0

Eskualdeen eta Hirien Europako Astean (EWRC2020) parte hartu duen hamaseigarren urtean, Europako Batzordeko presidenteak Euskadi nabarmendu zuen Eskualdeetako Lantaldearen osoko bilkuran emandako irekiera-hitzaldian. Eusko Jaurlaritzaren zenbait ordezkarik eta entitate publikoek zein erakundeek egunotan online antolatu diren foroetan hartu dute parte.

Aurreko urteetan bezalaxe, Euskadiren Europako Delegazioak Euskadiko eragile eta erakunde desberdinen parte-hartzea koordinatu du, hamabostaldi honetan Europako erakundeen koordinazioaren pean antolatu diren eztabaida eta mintegi europarretan parte hartu zutenak. Aurten online izan den arren, Eskualdeen eta Hirien Europako Astea (EWRC2020) EBko foro nabarmena izan da tokiko eta eskualdeko agintaritzen ahotsa azpimarratzeko eta hori Europako agendan posizionatzeko, hain zuzen ere, COVID bezalako Europako zein mundu mailako erronkei aurre egiteko.

Europako eta nazioarteko bazkideekin batera, Euskadik, besteak beste, eremu hauen inguruan eztabaidatu du: berrikuntza digitala eta ETEen lehiakortasuna eta erresilientzia; makroeskualde atlantikoaren potentziala; kultura eta sormen industrien espezializazioa eta lankidetza-hitzarmen berriak; lanbide-heziketaren bikaintasuna eta berrikuntza; genero-berdintasuna eta kohesio-politika eta eskualde-dimentsioa eta kohesio-politika 2030 Agendak eta Garapen Jasangarrirako Helburuek (GJH) ezarritako erronketan.

Euskal agenda EWRC2020 Astean

            Euskadiren Europar Batasuneko ordezkaria den Marta Marínek Nazio Batuekin, ORU-FOGARrekin eta Europako Eskualdeen Batzarrarekin (ARE) 2030 Agendari eta kohesio-politikari buruz antolatutako saioan esku hartu zuen.  Europako eta nazioarteko erakunde eta organismoen panel batekin batera, Eusko Jaurlaritzaren Bruselako ordezkariak Euskadik 2030 Agendan egindako ibilbidea aurkeztu zuen eta defendatu zuen beharrezkoa dela eskualdeek kohesio-politikan duten esperientzia kapitalizatzea, lurralde-mailan aurrera egiteko Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) betetzean.

            Europako Gaietarako zuzendaria den Mikel Antónek mintegi batean parte hartu du; bertan, EBko etorkizuneko makroeskualdeei buruz hitz egin da, baita erronka eta lehentasun berrien aurreko EBko maila anitzeko lankidetzaren gaineko etorkizuneko ikuspegiari buruz ere. Mikel Antónek Euskadik Arku Atlantikoko Batzordearen barruan zuzentzen duen lanean zentratu du bere hitzaldia; izan ere, lan hori egiten da Itsasoko Estrategia Atlantikoa sustatzeko eta hori Atlantikorako Makroeskualdeko Estrategia bilakatzeko.

            Berrikuntza digitalari dagokionez, SPRI Taldeak urriaren 14an parte hartu zuen “Berrikuntza Digitaleko Zentroen papera Covid-19aren ondorengo aroan” izeneko mintegian, Basque Digital Innovation Hub ekimena aurkeztuz.  Nabarmendu behar da Basque Digital Innovation Hub (BDIH) ekimena arrakasta-kasu gisa aurkeztu egin zela EWRC 2020 Astean eta, ia-ia aldi berean, Europako Batzordeko presidenteak euskal ekimen hori nabarmendu egin zuen Eskualdeetako Lantaldearen Osoko Bilkuraren aurrean emandako azkenengo hitzaldian.  Zalantzarik gabe, aitorpen itzela da ekimen hau osatzen duten 21 bazkideentzat eta Eusko Jaurlaritzak azkenengo lau urteotan egindako dinamizazioko eta  koordinazioko lanarentzat.  Basque Digital Innovation Hub Eusko Jaurlaritzaren apustu berritzailea da, euskal enpresen eraldaketa digitala eta jasangarria errazten duen “leihatila bakarra” ezartzeko.  Leihatila bakar horren bidez, euskal enpresek zentro teknologikoen, unibertsitateen eta enpresa-mailako I+G zentroen I+G azpiegituretarako eta eskaintza teknologikorako sarbidea izango dute.  BIDH ekimenak lau urte daramatza funtzionatzen eta lankidetza publiko-pribatu batean eusten da; horretan, Eusko Jaurlaritzak berak jarduten du eskaintzaren katalizatzaile gisa eta konpainiei helaraztearen konpromisoa hartzen du bere gain.

            Era berean, kultura eta sormen industrien eremuko ezagutza-guneei eta lankidetza berriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak Berrikuntzarako Europako Eskualdeen Sarearekin (ERRIN) batera zuzendutako RICC Sareak (Regional Initiative for Culture and Creativity) mintegi europar bat antolatu zuen. Mintegiaren gaia lotuta dago agenda europarrak zehazten dituen lehentasunekin eta, horrez gain, lotura dauka Berrikuntzaren eta Ezagutzaren Erkidegoaren (KIC) Kultura eta Sormen Industrien eremuko hurrengo deialdi europarrarekin, erakunde europarrek artikulatzen dutena. UPV- EHU Euskampusen ordezkari batek kultura eta sormen industrien eremuko euskal ezagutza-gunearen ekimenak aurkeztu zituen. Izan ere, hori Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak koordinatutako KSI ekimen estrategikoaren parte da eta kultura eta sormena berrikuntzaren ikuspegitik jorratzen ditu, baita horrek berrikuntzako euskal estrategiarekin duen lotura ere.

            Horrez gain, EMAKUNDEren ordezkariek Europako Batzordeko Eskualde Politikarako Zuzendaritza Nagusiak antolatutako “Gender equality in cohesion policy” mintegian hartu zuten parte. EMAKUNDEk Euskadiko arrakastaren faktore giltzarriak nabarmendu zituen, honakoaren garrantzia azpimarratuz: lege-esparrua (emakumezkoen eta gizonezkoen berdintasunerako legea) eta azpiegitura (genero-berdintasunaren adituak administrazioaren maila guztietan) eta berdintasun-organismoen parte-hartzea EGIF eta EGEF funtsen segimendu-batzordeetan, baita berdintasun-organismoen eta funtsen bitarteko organismoen koordinazioa ere, genero-ikuspegia egiturazko funtsen kudeaketan txertatuta egon dadin.

            Aurrekoaz gain, Europako Batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak zuzendutako EARLALL sare europarrak antolatutako Lanbide-bikaintasunerako Zentroen gaineko lantegi bat egin zen. Ekitaldi horren helburua zen lanbide-bikaintasunerako zentro horiek berrikuntzarako, eskualde-garapenerako eta espezializazio adimendunerako gaitasunen ekosistemen sorkuntzan egiten duten ekarpena aztertzea. TKNIKA da Produkzio Industrialaren sektoreko Lanbide-bikaintasunerako Zentroa izeneko eta EBk finantzatutako EXAM 4.0 https://examhub.euproiektuaren koordinatzailea; hala, TKNIKAren ordezkari batek hartu zuen parte eta nabarmendu zuen oso garrantzitsua dela eskualde-mailako eragile desberdinen arteko lankidetza estrategikoa. Halaber, adierazi zuen beharrezkoa dela langileei nazioarteko testuinguru aldakorrean eta trantsizio digital eta berde bikoitzak baldintzatutako egoeran behar dituzten gaitasunak hornitzea.