Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren III. Jardunaldien erronka izango da tokiko eta globala ikuspegia artikulatzea

0

Urriaren 23an eta 24an Gizarte Eraldaketarako Hezkuntzaren III. Jardunaldiak egingo dituzte birtualki. Aurtengo izenburua izango da “Tokikoa eta globala antolatzea ekintza pedagogiko eraldatzaileetan aurrera egiteko”, eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentzia-Elankidetzaren, Euskadiko GGKEen Koordinakundearen eta HEGOA Institutuaren artean antolatu dituzte. Ekimena zuzenduta dago irakasleei, hezitzaileei, gizarte entitateetako langileei zein garapenerako lankidetzako kideei, besteak beste.

2017ko martxoak (H)ABIAN 2030 – Gizarte-Eraldaketarako Hezkuntzaren Euskal Estrategia aurkeztu zen, askotariko eragileen artean egindako prozesu parte-hartzaile baten ondorioz sortutakoa. Estrategia honek, hain zuzen ere, gizartea eraldatuko duen hezkuntza sustatzeko jorratu behar diren lan-ildoak edo indar-ideiak ezartzen ditu.

Urtero indar-ideia bati heltzen zaio, eta, oraingoan, ikuspegi lokal-globalean sakonduko dute. Ikuspegi honek mahaigaineratzen du tokian egindakoa mundu osoan eragina duela eta erronka globalei nahitaezkoa dela erantzun partekatuak ematea hala nola, klima- aldaketari, desberdintasunei edota pandemiei. Hori lortzeko ezinbestekotzat jotzen da gizartea eraldatzeko hezkuntza prozesuak abiaraztea. Horregatik, hain zuzen ere, jardunaldietan parte hartuko dute hezkuntza formalaren eta ez-formalaren esparruko hizlariak eta esperientziak.

Inaugurazio-hitzaldia urriaren 23an izango da, eta, bertan, Catherine Walsh-ek eta Nacho Rivas-ek elkarrizketa bat izango dute. Walsh Quitoko Universidad Andina Simon Bolivar unibertsitateko Ikasketa Kultural Latinoamerikarren zuzendaria da, eta justiziako eta gizarte-eraldaketarako prozesuetan nahiz borroketan aritu da. Rivas Málagako Unibertsitateko katedraduna eta ikertzailea da; eskola-antolakuntzari buruzko diziplinei eta irakasleen garapen profesionalari buruzko gaiei lotuta dago.

Jardunaldiek hurrengo egunean, urriaren 24an, jarraituko dute, eta hainbat erakundek tokiko-globala ikuspegia duten eraldaketa-esperientziak aurkeztuko dituzte:  Mundubateko Sarai Martín-ek hitz egingo du “Cadenas Transnacionales de Cuidados” etxeko eta zaintzako langileak biltzen dituen ekimenari buruz; Garabideko Eñaut Agirrek aurkeztuko du erakundeak Mondragon unibertsitatearekin batera martxan duen hizkuntza biziberritzeko aditu ikastaroa, non hizkuntzaren alde lan egiten duten herri indigenetako erakundeak indartzen dituzten; Educación Música y Compromiso, cooperación elkarteak jorratuko du “Aula revuelta”, Valentziako irakasle talde batek sortutako egitasmoa, eta Hortensia Serranok erakutsiko du Zabaldi Elkartasunaren Etxea, nazioarteko elkartasun eta lankidetzan aritzen diren hainbat taldek sortutako gizarte etxea.

Aurreko urteetan jardunaldiak presentzialak izan ziren, baina egungo egoera dela eta, birtualki egingo dira. Hala ere, eta eztabaida aberastu nahian, esperientziak azaldu eta gero zoom aplikazioaren bidez lantegiak egingo dira taldeka hausnartzeko hezkuntzan tokiko eta globala ikuspegia nola bermatu daitekeen. Taldeak egiteko helburuarekin, izena eman beharko da urriak 19 aurretik www.ongdeuskadi.org webgunean.