Open House nazioarteko jaialdiak 4. edizioa ospatuko du 

0

Open House Bilbao jaialdia ospatuko da ostera ere ––eta laugarren urtea da ilaran–– urriaren 24ko eta 25eko asteburuan, aurreko edizioetan bezalako baikortasunarekin eta pozarekin, baina errealitate berriari egokiturik, hala jardueretan nola haien formatuan, eta jendarteak dituen egungo erronkei aurre eginez.

Open House arkitekturari buruzko jaialdi bat baino askoz gehiago da. Aukera bat da herritarrek beren uriari buruzko oharmena emenda dezaten arkitekturaren eta hirigintzaren bidez. Ekitaldi honen bidez, arkitektura eta hirigintza ematen dira ezagutzera, haien zabalkundea egiten eta jendarteratzen da, publiko zabal baten artean, eta parte hartze bidez.

Aurtengo edizioan, errealitate berriari aurre egin beharrean izango da jaialdia bera ere, koronobirusa dela kausa, eta, horretarako, neurri sanitario beharrezkoei egokitu die jaialdiak bere formatuak. Proposamenaren oinarri diren irizpide orokorrek arreta berezia jarri dute jende pilatzeak saihestean, pertsonen arteko gutxieneko tartea ziurtatzean eta ezinbestekoak diren higiene neurriak ezartzean.

Open House Bilbao jaialdiaren laugarren edizio honetan, hiriko espazio publikoak izango du protagonismoa.

Jaialdiak, publiko zabal eta askotariko batengana iristeko pentsatu eta prestatutako jardueren egitarau baten bidez, gogoeta bat egitea proposatzen du, kaleek, plazek eta parkeek gaurko egunean betetzen duten zereginaren inguruan, eta pentsatzea nola egokitu behar zaizkion eta ahal zaizkion haiek errealitate berriei. Hala, hiriko zenbait espazio publiko hautatu eta ikusiko dira, eta haietan hainbat alderdi analizatuko dira, hala nola azpiegitura berdea eta mugikortasuna, eta XXI. mendean hirian zer eginkizun duten zehazten saiatuko.