Zorrotzaurreko bizitegi-eraikinen birgaitzearen kudeaketa burutu da

0

Bilboko Udalak burutu du dagoeneko Zorrotzaurren lehendik ziren bizitegi-eraikinen birgaitzearen kudeaketa, SURBISA-K gauzatua. Hala adierazi du gaur goizean Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotzi Nora Abetek.

Hamar urte baino gehiago emanik obretan, SURBISA udal sozietateak burutua du dagoeneko Deustuko Erriberan kokatutako bizitegi-eraikinen birgaitzea sustatzeko eta laguntzeko kudeaketa, historikotzat jotzen ziren etxebizitzen multzo bat onik iraunaraztea zen xedea, eta, hala, etorkizunean, Zorrotzaurren eraikitzekoak diren bizitegi-bloke berrien ondoan iraungo dute etxebizitza historiko horiek.

2007an, Zorrotzaurren, baziren ia ehun bizitegi-eraikin, XX. mendearen hasieran eraikiak, Hirigune Historikoko etxeen tankerakoak eta industria-eraikinen artean barreiatuak, eta han kokatzen ziren etxebizitza gutxi batzuk, eraikinak solairu gutxikoak izanik eta lursailak ere txikiak izanik.

Gehienetan, familiak bizi ziren, eta, haien egoera sozioekonomikoa dela-eta, Udalaren laguntza behar zuten eraikin haiek onik iraunarazteko eginkizunean. Eraikin haiek birgaitzeko eginkizunari ekiteko abiapuntua haien egoera txarra izan zen, berritzeko beharra zutela egiaztaturik, eta, orobat, beharrezkoak ziren berrikuntzak egin beharra, kalitatez eta erosotasunez hornitzeko.

SURBISAK, horretarako, obra integralak egiteko laguntzak eman ditu, haien segurtasuna hobetzearren eta kanpoaldeko itxura berritzearren nahiz etxebizitzen barruko bizigarritasuna hobetzearren. Era berean, birgaitzeak energia-eraginkortasunaren eta irisgarritasunaren irizpideei jarraituz gauzatu dira.

Berritutako higiezinen artean, erdietan igogailu bat ipini da (bi solairu baino gehiagoko eraikinen % 75ean), eta, haietako % 65ean, energia eraginkortasunerako neurriak ezarri dira, gehienetan isolamendu termikoa erantsiz eraikinaren azalean, fatxadetan eta estalkietan, beraz, urtean 317.311 kg CO2 gutxiago isurtzea aurreikusten da.

Zorrotzaurren lehendik ziren eraikinak birgaitzeko erabakia hartu zen auzoaren ezaugarri berezietako batzuk iraunaraztearren, eta, batez ere, hirigintzazko garapen berriak ekarri ahal zuen deserrotze-arriskua gutxitzearren; hala azaldu du Nora Abete Hiri Berroneratzearen Saileko zinegotziak.

Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko kudeaketa SURBISA Bilboko hiri-birgaikuntzako udal sozietatearen bidez gauzatu da, zeina Hiri Berroneratzearen Sailaren mendeko entitatea baita. 2007an eman zitzaion agindua 42 bizitegi-eraikin horiek birgaitzeko kudeaketari ekiteko, eta, harrezkeroko tarte honetan guztian, SURBISAren zerbitzu tekniko, juridiko, sozial eta administraziozko guztiak jardun dira etxe-jabeen erkidegoak eginkizun horretan sustatuz eta laguntza emanez.

Gaur den egunean, SURBISAk burutua du eginkizun hori, eta erabat birgaitu ditu bizitegi-eraikin guztiak (38 guztira), zeintzuek Etxe-jabeen erkidego bakarra osatzen baitute, eta 4 eraikin baino ez dira birgaitu gabe geratu, haietako batzuk hirigintzazko garapenaren pean direlako eta haien jabeek (ez dute osatzen etxe-jabeen erkidego bat) etxebizitzetarako sustatu eta saldu nahi dituztelako.

Emaitza hori lortu ahal izan da SURBISAk eta bere profesional-taldeak auzokideekin eta inguruko auzo-elkartearekin izan duten hurbiltasunari eta sintoniari esker; izan ere, helburu bera lortu nahi izan dute, hau da, historia zaintzea, hala izaten jarraitzeko gogoa duen auzo baten memoria zaintzea.