Euskadiko airearen kalitatea ona da

0

Euskadiko Airearen Kalitatea Kontrolatzeko Sareak 54 estazio ditu lurralde osoan zehar, eta estazioetan analizagailu automatikoak daude nitrogeno dioxidoa (NO2), sufre dioxidoa (SO2), karbono monoxidoa (CO), ozonoa, partikulak (PM10 eta PM2.5) eta bentzenoa neurtzeko. Estazioek kutsatzaile desberdinak neurtzen dituzte, kokatuta dauden eremuaren arabera (landa-, hiri-, industria-, trafiko- edo hondo-eremuak). Estazio horietan bildutako datuek Euskadiko airearen kalitatea ebaluatzeko balio dute, egungo europar araudian ezarritako muga-balioen eta xede-balioen arabera.

Gaur argitaratzen den txostenak 2019ko ekitaldirako kalkulatutako datu estatistikoak biltzen ditu, Sarean bildutako datuekin, indarrean dagoen 102/2011 Errege Dekretua, urtarrilaren 28koa, airearen kalitatea hobetzeari buruzko araudiak ezartzen dituen balioekiko betetze-maila erabakitzeko. Horrez gain, 2015etik 2019ra bitartean kutsatzaile bakoitzerako estazioek erakutsitako bilakaeraren grafikoak aurkezten dira, eta populazioaren PM10, NO2 eta ozonoarekiko esposizio-mapak ere bai.

2019an, Andoainen, Usurbilen, Lasarte-Orian eta Zubietan (Donostia) kokatutako 4 estazio berri sartu dira Sarean. Estazio horiek txostenean sartu dira, nahiz eta ebaluaziorako behar diren datu baliodunen gutxieneko ehunekoa ez bete. Era berean, 2019an Barakaldoko eta Puioko (Donostia) estazioetan instalatutako ekipamendu berrien PM2.5 neurketak sartu dira, baita Durangon instalatutako ekipo berriaren Bentzenoaren neurketa ere.

Estatistiken emaitzen arabera, eta 2018an bezala, 2019an zehar estazio guztiek bete zituzten muga-balioak eta xede-balioak, Valderejoko estazioak izan ezik; kasu horretan, ez zen bete ozonorako xede-balioa. Oro har, joera bera ikusten da SO2 eta CO-rako. NO2 apur bat hobetu da Maria Diaz de Haroko estazioan, Bilbon, eta partikulek 2018ko joera positiboarekin jarraitzen dute: PM10 partikulen urteko batezbestekoa 8.5-23 µg/m3 bitartekoa izan da (landa- nahiz hiri-estazioetan), eta PM2.5 partikulena, berriz, 5-12 µg/m3 bitartekoa.