Lehendakariak ziurtatu duenez, energia-trantsizioa etorkizuneko gakoetako bat da Euskadirentzat

0

Lehendakariak adierazi duenez, energia-trantsizioa Euskadiren eta Europa osoaren etorkizuneko gakoetako bat da. Aldi berean gogoratu du Euskal Autonomia Erkidegoa aitzindaria dela garapen jasangarriarekiko konpromisoan, ingurumenaren errespetuan, mugikortasun adimendunean eta klima-aldaketaren aurkako estrategian. Deustuko Unibertsitateak eta Repsol Fundazioak antolatutako Transición Energética y Urbana. Movilidad Sostenible e Inteligente jardunaldien irekiera-ekitaldian hartu du parte Iñigo Urkulluk, gaur goizean.

Foro horretan, Lehendakariak adierazi duenez, “erregai fosiletatik urruntzearen eta berotegi-efektuko gasen emisioen neutraltasunaren alde egingo duen» eredu ekonomiko eta energetiko baterantz urratsak ematen ari da Euskadi. Hala, Eusko Jaurlaritzak 2030 Euskal Estrategia Energetikoa hiru helburu zehatzekin eguneratuko duela iragarri du: energia-efizientzia handitzea; energia berriztagarrien erabilera areagotzea; eta energia-ikerketako euskal estrategian sakontzea.

Hitzaldiaren beste une batean, Urkulluk adierazi du mugikortasun jasangarria eta adimenduna —“garraio berdea” deitutakoa— etorkizuneko ekonomiaren parte eta “Euskadi berde, digitalago eta inklusiboago baterako” lehentasuna dela.

Apustu horren adibide gisa, iragan astelehenean Arabako Antoñanan inauguratu zuten ibilgailuentzako birkarga elektriko azkarreko puntu berria aipatu du Lehendakariak. Bertan, gaur egungo goi potentziako sarea hirukoizteko konpromisoa iragarri zuen, Euskadin 100 birkarga-puntu ipintzera heldu arte.

Amaitzeko, jardunaldi hauetan parte hartzen ari diren unibertsitateko ikasleak animatu ditu “jasangarritasunaren balioak, ingurumenarekiko errespetua eta ekonomia berde berria prestatzen ari zaretenerako etorkizuneko proiektu honetan integratzera”.