Artolazabalen iritziz, berdintasun-politikak sendotu egingo dira Berdintasun Sail berrian

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuaren iritziz, berdintasunaren inguruko sail berezia sortzean, “gai horren inguruko politikak sendotu egingo dira”. Onda Vascan egin dioten elkarrizketan, sailburuak honako hau nabarmendu du: “aukera bat dugu aurrean, ez mehatxua”; izan ere, berdintasun-arloko gaien zeharkakotasun eta lankidetza izaera sendotu egingo da. “Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak zeharkako konexioak ditu, eta haiek aprobetxatu egingo ditugu, berdintasun-politikei beste bultzada bat emateko”.

Sailburuak esan du emakumeen kolektiboa dela “krisiaren eragina gehien jasaten ari den” kolektiboetako bat; izan ere, hala erakusten du azken hilotan emakumeetan egon den langabeziaren igoerak. Hori dela eta, bere sailak neurriak proposatuko ditu, “erabateko berdintasuna lortzeko bidean aurrera egiten jarraitu ahal izateko”.

Pandemiak gizarte-eremuan ekarri dituen ondorioei buruz galdetu diotenean, Artolazabalek nabarmendu egin du Eusko Jaurlaritzak Euskadiko hirugarren sektore sozialeko erakundeen eskutik Elkarrizketa Zibilerako Mahaiari esker eskaini duen erantzun azkarrak duen balioa. “Gai izan ginen errealitate berriei aurre egiteko programa berriak ezartzeko, eta, halaber, gizarte-larrialdietako laguntzak sendotu genituen, oso une delikatuan”. Inor Atzean Utzi Gabe funtsean sartzen diren neurri horiekin 2021ean ere jarrai daiteke, Artolazabalek esan duenez; izan ere, aurrekontu orokorrak prestatzeko, “gizarte-erakundeekin ari gara lanean, haien proposamenak ezagutzeko”.

Artolazabalek, bestalde, “Euskadin borroka armatuarekin gertatu zenaren memoria mantentzeko eta transmititzeko” beharra ere aipatu du. Hori horrela, “gertatu zenaren eta eragin zen kaltearen bidegabekeria gogoraraztearen alde” agertu da, “hiltzea beti izan baita okerreko bidea”. Gainera esan du Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutua memoria historikoaren arloan aurrera egiteko esparru egokia dela; izan ere, bertan dute ordezkaritza Eusko Legebiltzarrak izendatzen dituen alderdi politiko guztiek.

Azkenik, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak espetxeen arloko transferentzia ere defendatu du; izan ere, horrela, dagokion lege organikoa betetzen da, kontuan hartuta aspaldi egon behar zuela transferentziak eginda. “Espetxe-arloan, politika errestauratiboaren eta humanitarioagoaren aldeko apustua egingo dugu; izan ere, zigorrak bete egin behar dira, baina betetzeko modu asko daude”.