Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Portu eta Itsas Gaietako Zuzendaritzak sustatua, Donostiako kaian obrak hasiko dituzte. Bertan, itsas garraioko enpresek txartel-salmentarako espazioak ezartzeko zerbitzuetako pabilioi bat eraikiko dute. Eraikinaren inguruan Bou Gipuzkoa ontziaren erreplika bat ipiniko dute, II. Errepublikaren alde Euzkadiko Gudontzidian borrokatu zuten pertsonen omenez.
Portuaren sarreran eraikiko den zerbitzuetako pabiloi berriak orain arte zuen erabilera bera izango du: itsas garraioko zerbitzuak ematen dituzten enpresa emakidadunen txartel-salmentarako espazioak antolatzea. Egungo portura hobeto egokituko den estetika izango du, antzinako eraikinaren ikusmen-inpaktua murriztuz. Halaber, etorkizunean portuan sor daitezkeen premietara ere egokitu ahal izango da.
Behe-solairuan kokatutako salmenta-kabinez gain, langileentzako komun txiki bat eraikiko dute, eta sarrera EKParen biltegi batekin partekatuko dute sotoko solairuan. Oinplano zirkular eta bolumen zilindrikoko eraikinak, guztira, 104,84 m2-ko azalera eraikia eta isurki bakarreko estalkia izango ditu. Halaber, akabera matea eta distiratsua duten hiru dimentsioko eta sekzio erdizirkularreko pieza zeramiko zuri eta beixez estaliko da kanpoaldea, itxituraren forma makurrera egokituz. Forma horrek hegazkin-ontziaren eraikinean egindako berrikuntzari jarraipena ematen dio, bi eraikinen irakurketa bateratua ahalbidetzeko jarduketa-unitate bat sortzeko ahaleginean.
VAUMM Arquitectura y Urbanismo SPLak idatzitako proiektua jarraituz, Jaizubia Obras y Sevicios SLari esleitutako obrak bost hilabeteko gauzatze-epea eta 333.680,70 euroko (BEZ gabe) aurrekontua ditu.
Eraikin berriaren inguruan, Lasta kaiarekin lerrokatutako plataforma batean Bou Gipuzkoa ontziaren erreplika bat ipiniko da.
Bou Gipuzkoa ontziaren brontzezko erreplika
Eusko Jaurlaritzak sustatutako pabilioi berria eraikiko den portuko espazioaren birmoldaketak haren inguruan gerraontzi bihurtu zuten bakailao-ontziaren erreplika bat ezartzeko eta, era horretan, Euzkadiko Gudontzidian borrokatu zuten pertsonak —horietako batzuk Matxitxakoko batailan hil ziren 1937an— omentzeko aukera ematen du.
2,60 metro luze dituen erreplika Eibarko Alfa Artek brontzean eraiki du, Aranzadiko Enrike Lekuona ontzi-ingeniariak egurrez egindako molde batean, Juan Pardo ikertzaileak (Euzkadiko Gudontzidiari buruzko ia monografia guztien egilea) bildutako informazioan eta Juantxo Agirre Mauleon arkeologoaren ekarpenetan oinarrituta.
Hasieran ideia Matxitxako Elkarteak izan zuen, memoria historikoa museoetatik ateratzeko eta hiri-paisaian ezartzeko beharra ikusi eta gero. Antzeko monumentuak Bermeon eta Elantxoben aurkitzen ditugu, baina Gipuzkoan aurrena izango da.
Ontziaren euskarrian Gipuzkoa eta Donostia ontziek Matxitxakoko batailan izan zuten papera azaltzen duen taula bat eta bataila horretan hildako gipuzkoarren zerrenda ipiniko dituzte, baita gerora atxilotu eta fusilatu zituztenen beste zerrenda bat ere.
Bou Gipuzkoa Euzkadiko Gudontzidiaren parte izan zen. Gudontzidi hori 1936. urtean sortutako itsas indar txiki bat izan zen itsas trafikoa babesten Armada Errepublikarra laguntzeko. Haren eginkizuna zen portuetako sarbideetan inork urpeko minak ezar zezan eragoztea eta euskal uretan arrantza-jarduera babestea. Berrogeita hamar arrantza-ontzi baino gehiago gerraontzi bihurtu zituzten. Guztiak grisez margotuta zeuden, brankan ikurrina zeramaten eta popan bandera errepublikarra. Laguntzako Ontzidiaren ardatza Pasaiako lau bakailao-ontzik (Pysbe enpresarenak) osatu zuten. Ontzi horiei Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaya eta Araba izenak jarri zizkieten, eta hauei beste ontzi txikiago batzuk gehitu zizkieten, hala nola Donostia, Gazteiz eta Iruña izenekoak.
Tripulazioko kide gehienak boluntarioak ziren. Guztira, Euzkadiko Gudontzidian 917 gizonek eta hiru emakumek jardun zuten. Horietatik 62 zerbitzu-egintzan hil ziren, Matxitxako Elkartearen datuen arabera.