Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak, gaur, indarkeria matxistaren aurkako zenbait neurri iragarri ditu; bere sailak datozen lau urteotan izango ditu abian, besteak beste, legegintzaldi honetan aurrekontua handitzea Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktimen inguruko prebentziora eta arretara bideratzen dituen baliabideetan (% 30), eta, urtean, 30 milioi euro baino gehiago bideratzea.
Beatriz Artolazabalek, gaur goizean, berdintasuneko eta gizarte-politiketako batzordeen aurrean hitz egin du, Eusko Legebiltzarrean, bere sailak “2020-2024ko XII. legegintzaldia”n jarduteko izango dituen ardatz orokorren berri emateko. Artolazabalek datozen lau urteotan Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak abiapuntu izango dituen helburu eta erronka nagusiak aipatu ditu. Artolazabalekin batera, honako hauek ere izan dira: Izaskun Landaida Emakunde – Emakumearen Euskal Erakunde autonomoaren zuzendari nagusia, José Antonio Rodriguez Ranz Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea, Ana Agirre Justiziako sailburuordea eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea.
Sailburuak agerraldian nabarmendu du Eusko Jaurlaritzak “lehenengoz, diskriminazio-modu guztien aurkako borrokari eta bizikidetzaren sustapenari” heltzen dion saila duela, eta horren “egokiera” aipatu du. “Pertsona guztien giza eskubideetan sakontzeko palanka bat”. Hori horrela, honako hau nabarmendu du: “eskubideak eraginkortasunez baliatzea eta bizitzaren, pertsonen eta familien proiektuak zabaltzea dira gure sailaren etorkizuna eta ekintza-zentzua”.
Artolazabalek gogorarazi du bere sailari dagokiola gobernu-programan jaso diren herrialdeko lau helburu lortzea:
- Euskadi Europan desberdintasun sozial gutxien duen 5 herrialdeetako bat izatea (Gini indizea).
- Euskadi Europan genero-berdintasuneko indize nagusiena duen 6 herrialdeetako bat izatea.
- 85 urte arte luzatzea bizi-itxaropena.
- % 10 areagotzea jaiotza-tasak.
Berdintasunera zeharkakotasunetik
Gizon eta emakumeen artean berdintasun-politiken zeharkakotasuna sendotzea Artolazabalek ezarri duen helburuetako bat da, baita Urkulluren gobernuaren beste sail batzuekin ezarritakoa ere. Sailak espero du gai horren inguruan Eusko Legebiltzarrak Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasunaren Euskal Legea laster onestea, eta iragarri du herrialdeko ituna sustatuko duela, berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzaren alde.
Legegintzako aurrerakuntza horiek honako hauekin osatuko dira: Eusko Jaurlaritzak indarkeria matxistaren biktimenganako prebentziorako eta arretarako bideratzen dituen baliabideetako aurrekontua areagotzea; epai judizialean aurreikusitako kalte-ordainak jaso ez dituzten biktimentzako laguntzak sortzea, bai eta indarkeria matxistaren ondorioz umezurtz geratu diren umeentzat ere; emakume biktimen kasuei arreta emateko kudeaketa integratuaren bidez leihatila bakarraren sistema ezartzea, eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktima-mota guztientzako laguntzak handitzea, besteak beste.
Sailburuak iragarri du, halaber, sailak % 20 areagotuko duela emakume biktimentzako berehalako laguntza juridikorako partida, eta emakumeen gaineko indarkeriaren epaitegien instalazioak egokitu egingo direla, biktimak eta erasotzaileak bereizteko.
Era berean, Artolazabalek azaldu du legegintzaldi honetan emakume eta gizonen berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriaren behatokia sortuko dela.
Sailburuak “hezkidetzatik balioen aldaketa” sustatzeko beharran ere jarri du arreta; izan ere, “umeek berdintasuna ikasten ez badute, azkenean desberdintasunez kutsatuko dira”. Hala, Hezkuntza Sailarekin elkarlanean, honako plan hau ezarriko da; II. Hezkidetza-plana euskal hezkuntza-sistemarako: berdintasunaren eta tratu onaren bidean. Hirukoiztu egingo da, gutxienez, hezkidetza-plana prestatzen duen ikastetxe-kopurua, “legegintzaldi honetan ikastetxe guztietara heltzeko”.
Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundearen beste ildo estrategikoetako batek jarraituko du izaten emakume eta neskatoen ahalduntzea sustatzea, eta gizonak berdintasunaren alde sentsibilizatzea eta inplikaraztea eta, horretarako, Gizonduz programa sendotzea.
Memoriaren aldeko apustua
Giza Eskubideen, Memoriaren eta Lankidetzaren arloan, sailburuak argi utzi du “biktima guztiak lehentasuna” izango direla. Ekidistantziarik, parekatzerik, paralelismorik gabe, baina bazterketarik gabe”. Bere iritziz, “etorkizunak, gure etorkizunak, memoria izan behar du”. Memoria horrek “herrialde baten memoria barne hartu behar du, bertako pertsonen memoria eta biktima guztien memoria”.
Beatriz Artolazabalek nabarmendu duenez, “belaunaldi berriek eskubidea eta betebeharra dute jakiteko herrialde honetan hil ere egin zela desberdin pentsatzearren, eta eskubideak urratu ere egin zirela Estatuaren arrazoiaren izenean”. Eta, horretarako, Gobernuak, datozen lau urteotan, memoria “kritikoa eta autokritikoa” egingo du, “irekia eta inklusiboa”, “memorien memoria, guztiontzako lekua duena”, “gorrotorik eta aiherrik gabea”; azken batean, “bizikidetzarako” memoria.
Artolazabalek nabarmendu duenez, “Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak, egiten duen lan zuhurra eta konstruktiboa aintzat hartuta, eginkizun oso esanguratsua du legegintzaldi honetan, biktimen eta gizartearen arteko konexioan. Biktima horiek –esan du sailburuak– eginkizun aktiboa izan dezakete eta izan behar dute bizikidetzarako ezinbesteko adostasuna eraikitzen”.
Eremu horretan, Gogora – Memoriaren, Bizikidetzaren eta Eskubideen Institutua Euskadin memoriaren erreferentzia-zentro bilakatu behar da, haren artxiboaren, funtsen, datu-bankuaren, dokumentazio-zentroaren, liburutegiaren eta abarren bidez. Sailburuak adibide gisa Gerra Zibileko Hildakoen Biktimen Datu Basea jarri du; datu-base horrek, dagoeneko, 21.039 hildako ditu identifikatuta, izen-abizenekin, eta badu haien lekukotza egiaztatzaileren bat.
Legegintzaldi honetan, memoria inklusiboaren politika hau, gainera, islatu egingo da Gogoraren egoitzako erakusketa-espazioa zehaztean eta sortzean, Gernikako Bake Museoaren erakusketa-proiektua eta diskurtsoa berritzean eta Gasteizen martxoaren 3ko Zentro Memoriala sortzean.
Lankidetza-arloan, Artolazabalek honako proiektu hauek aipatu ditu, esanguratsuenak direlako: Garapenerako Lankidetzari buruzko Euskal Legea eta Garapenerako Lankidetzako Plan Gidaria (2022-2025).
Gainera, sail berriak Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Plan Estrategikoa antolatuko du; plana bi eremu handitan egituratuko da: Bizikidetzarako Euskal Agenda eta Giza Eskubideen Agenda Globala.
Justizia humanoagoa
“Justizia funtsezko zerbitzu publikoa da, eta unibertsaltasuna bermatu behar da justiziara jotzeko aukeran”, esan du Beatriz Artolazabalek. Hori dela eta, “unibertsaltasuna bermatu behar da justiziara jotzeko aukeran”. Gainera, “justiziak eraginkorra eta hurbilekoa izan behar du; alegia, gizarte-beharrei erantzun behar die”.
Hori dela eta, arlo horretan, Artolazabalen iritziz “ezinbestekoa” da “baliabiderik ez duten pertsonei” doako laguntza juridikoa bermatzea. Urtero, Eusko Jaurlaritzak 15 milioi euro bideratzen ditu horretara, baina sailburuak esan du “partida hori areagotu” egingo dutela, “betiere eskari sozial handiagoa badago”.
Gazte Justizia Plan berria dela eta, planak 105 milioi euro baino gehiagoko zuzkidura aurreikusten du, eta gazteen berrerortze-tasa % 15etik behera izatea ezarri du.
Justiziako plan estrategikoaren garapenak honako hau ekarriko du: sistema judizialaren modernizazioa bultzatzea; justiziaren eraginkortasuna, arintasuna eta digitalizazioa hobetzen laguntzea, eta justizia hurbilagoa, errestauratiboagoa eta pertsonetan gehiago zentratzen dena sustatzea. Justiziako Plan Estrategiko berria 2021eko irailean onetsiko da, esan duenez.
Gainera, Justizia Sailburuordetzak bere baliabideak areagotuko ditu: Euskadiko Justizia Administrazioaren plantilla areagotuko du, eta, horretarako, 49 postu berri deituko ditu, eta Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuaren irakaskuntza-unitate berria jarriko du abian. Halaber, epaitegi berriak sortu eta abian jartzea aurreikusten da; zehazki Bilboko barruti judizialean, lan-arloko epaitegi berria eta lehen instantziako beste bat sortuko dira.
Atzean inor utzi gabe
Gai sozialean, Berdintasuneko sailburuak jakinarazi du telelaguntza zabalduko dela 80 urtetik gora bakarrik bizi diren adineko guztientzat, BetiON zerbitzu publikoaren bidez. “Gure kalkuluen arabera, beste 50.000 pertsonarengana iritsi gaitezke eta, hala, segurtasun gehiago eman beraiei eta beren familiei”, esan du Artolazabalek. Aldi berean, Gobernuak zerbitzu hori “beste arrisku-kolektibo batzuei ere zabalduko die, modu proaktiboan, pertsona kalteberenak detektatzeko, haien adina edozein dela ere”, oinarrizko gizarte zerbitzuekiko lankidetzari esker.
“Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sendotzea” izango da sail berriaren beste eragileetako bat. Adinekoen eta desgaitasunaren eremuan, sailburuak iragarri du iraupen luzeko gizarte- eta osasun-zaintzen estrategia diseinatu eta jarriko dela abian.
Familiei dagokienez, Artolazabalek esan du “3 urtetik 14 urtera luzatuko ditugu zaintzaile bat kontratatzeko laguntzak”. Modu berean, Haurren eta Nerabeen Eskubideei buruzko Legea ere planteatuko da, babes-, prebentzio- eta sustapen-sistema arautu eta garatzeko.
Gauzarik berrienen artean, nabarmentzekoa da Eusko Jaurlaritzak haur-abusuan arreta espezializatua emateko baliabideen batasuna sustatuko duela, Barnahus Europako ereduari jarraikiz. Umeen etxeetan edo Barnahus direlakoetan, auzitegiak eta babes-sistema koordinatzen dira, eta arreta integrala ematen zaie sexu-abusuaren biktima diren umeei. “Xedea da adingabe horiek jaso behar duten arreta osoa kontzentratzea eta, hala, beraiek ibili behar ez izatea hainbat ate jotzen”, esan du sailburuak.
Gazteriaren eremuan, Artolazabalek esan duenez, “gazteriaren politika integrala garatuko dugu, eta laster ikusiko da Legebiltzarrera Gazteriaren Euskal Legearen proiektua bidaltzen dugunean”. “Gure lehentasuna gazte-emantzipazioaren estrategia garatzea izango da, eta, horretarako, bereziki prestakuntzarako, enplegurako eta etxebizitza eskuratzeko aukerak sustatzea”.
Politika horiek aurrera eramateko moduak hiru oinarri izango ditu: lankidetza, koordinazioa eta aliantzak sortzea. “Nireak egiten ditut Nazio Batuen honako hitz hauek”, esan du Artolazabalek: “bakea, justizia eta inklusioa lortzeko, garrantzitsua da gobernuek, sozietate zibilak eta erkidegoek indarkeria murrizteko elkarrekin lan egitea, justizia egitea eta parte-hartze inklusiboa bermatzea”.