Artolazabalek pandemia sasoian arreta psikologikoaren inguruan sortu diren Adi eta Betirako programak balioetsi ditu

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, gaur, ADI eta Betirako programen balioa nabarmendu du; programa horiek Inor Atzean Utzi Gabe funtsean ezarri dira, eta, haien bidez, Eusko Jaurlaritzak zenbait egoerari aurre egiteko baliabideak ditu, besteak beste doluari eta nahi gabeko bakardadeari.

Artolazabalek, gaur, ‘Depresioa eta suizidioa: belarrira txarto ematen duten gauzez ongi hitz egitea’ mintegiaren irekiera-ekitaldian parte hartu du, telematikoki. Mintegia ASAFESek (Buru Gauxotasuna duten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkartea) antolatu du. Sailburuak honako hau nabarmendu du: “azken hilabete gogor hauen ondorioz”, bereziki konfinamenduan egon garen hilabeteen ondorioz, “osasun mentalaren inguruko egoera zailak azaleratu dira”.

“Konfinamenduaren lehen egunetatik, lanean hasi ginen hirugarren sektore sozialarekin, ustekabeko egoera horren ondorioak arindu ahal izateko arreta psikologikoa jasotzeko programak abian jartzeko”. Lankidetza horren ondorioz, honako bi programa hauek sortu ziren: ADI eta Betirako.

“ADI programak pertsona askori pandemiak eragiten dien beldurraren eta isolamenduaren ondorioei aurre egiten laguntzen die”, esan du Artolazabalek. Bestalde, Betirako programa Covid-19aren krisian birusaren eraginez edo bestelako gaixotasunen eraginez hurbileko pertsona bat galdu duten adin guztietako pertsonei zuzentzen zaie. Sailburuaren hitzetan, “doako zerbitzua da, psikologiako profesionalen eskutik”; zerbitzua 900 908 744 telefono-zenbakiaren eta www.betirako.org webgunearen bidez jaso daiteke.

Estrategia

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak mintegian prebentzioaren, esku-hartze goiztiarraren eta eraginpean dauden familia eta pertsonentzako arretaren bitartez suizidioaren inpaktua murrizteko lehen estrategia integrala ere aztertu du; estrategia iaz jarri zen abian. “Estrategia horren bidez, osasun publikoaren ikuspegitik, Euskadin jarrera suizidaren intzidentzia, prebalentzia eta inpaktua murriztu nahi da”, esan du.

Amaitzeko, honako hau esan du: “osasuna erabateko ongizate fisikoko, mentaleko eta sozialeko egoera da, eta ez bakarrik afekziorik edo gaixotasunik ez izatea”.