Eskola Hiztun Bila jardunaldiak euskal kultura eta honen sustapena hartu ditu aurten ardatz

0

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak eta Lucia Torrealday Hezkuntza Berriztatzeko zuzendariak, hasiera eman diote gaur goizez XXIV. Eskola Hiztun Bila jardunaldiari. Hezkuntza Sailak ikastetxeen hizkuntza normalizaziorako Ulibarri programaren baitan antolatzen duen jardunaldi honek 400 lagun inguru elkartuko ditu bi egunez, gaur eta bihar, Hizkuntza Normalizazioko Aholkulari Teknikoak gehien bat, honako gai nagusi honekin: “Kultura eskolan bizi. Eskola eta euskarazko kultur produktuen ikusgarritasuna, prestigioa eta kontsumoa” .

Osasun egoerak hala behartuta, online ari da egiten aurten jardunaldia, eta beraz, sarrerako agurretik hasi eta gainerako hitzaldi nahiz mahai inguru guztiak Irekia atariaren bidez ari dira jarraitzen hezkuntza arloko profesionalak (www.irekia.euskadi.eus ).

Gorago aipaturiko gaia ardatz hartuta, euskal kulturaz, honen transmisioaz eta euskal kultur produktuen kontsumoaz arituko dira bi egunez, beti ere eskolaren ikuspuntutik begira jarrita: zeintzuk dira gure ikasleen kultura kontsumorako ohitura eta joerak? Euskarazko musika, literatura edo ikus-entzunezkoak kontsumitzen al dituzte? Ezagutzen al dituzte euskarazko kultura erreferenteak? Baina horien guztien aurretik dagoen galderari ere ez zaio ihes egingo jardunaldian: eta irakasleek, zer dakite irakasleek euskal kulturaz? Telematikoki bada ere, eztabaidarako eta hausnarketarako tartea izango dute, eta baita esperientziak elkarrekin partekatzeko aukera ere.

Euskal hiztun aktibo eta proaktiboak

Jardunaldiaren irekieran, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordeak nabarmendu du euskara bezalaxe, euskal kultura ere euskal gazteriaren ondarea dela, eta beraz “guztion aukera eta erantzukizuna da ondare unibertsal horri eutsi eta hurrengo belaunaldiei ahalik eta bizien transmititzea, eleaniztasunaren marko horretan”, azaldu du.

Zentzu horretan, hezkuntza-sistema sozializazio-gune garrantzitsua izanik, Ulibarri programak –eta eskolak- kultura transmisiorako duen potentzialtasuna hartu du hizpide sailburuordeak. “Gaztetxoak hezteko zein belaunaldien arteko transmisioa eragiteko bezalaxe, bertatik (eskolatik) igarotzen dira euskal kulturgintzaren etorkizun hurbileko sortzaileak, herritarrak eta kontsumitzaileak ere. Hizkuntza normalizazioa xede duen Ulibarri programak bere potentzialtasunaz baliatu behar du eta dimentsio kulturala integratu, kultur produktuen ikusgarritasuna eta optimizazioa bultzatuz”.

Etorkizunera begira ere, eskolak euskara eta euskal kultura sustatzeko lanean jarraitu beharra azpimarratu du Pedrosak. “Iparra hori izanik, gure hezkuntza sistemak lortu behar du ikasle konpetente bat ateratzea, bizitzako arazoei aurre egiteko eta ingurune eleaniztun baten moldatzeko gai izango dena. Zein izan beharko litzateke iparra? Euskal hiztun aktiboak eta proaktiboak sortu, euskal kulturaren ondarea zainduko, ezagutuko eta biziko dutenak”.

Egitarau mamitsua

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuordearen sarrerako agurraren ondoren, UPV/EHUko irakasle eta UEUko Literatura saileko buru Iratxe Retolazaren txanda izan da, “Kulturak eskola zeharka dezan: irakasleak kultur eragile” izenburupean eskaini duen hitzaldiarekin.

Horren ondotik, euskal ikastetxeetan irakasle dabiltzan bost kulturgileren arteko solasaldia izan da, Imanol Epelde irakasleak gidatua. Mahaiaren inguruan bildu dira: Gari Amundarain (musikaria), Zaloa Urain (Koken taldeko abeslaria), Asier Serrano (idazlea), Ekaitz Goikoetxea (bertsolaria) eta Maider Zabalegi (kantaria). “Euskarazko kulturaren transmisioa hezkuntzan” izan dute hizpide. Eguna bukatzeko, parte hartzaileek aldez aurretik grabaturiko 10 ikastetxeren esperientzietako batzuk ikusi ahal izango dituzte, nahieran, www.ulibarri.euskadi.eus webgunearen bitartez.

Bideo pilulak

Bihar berriz, asteartean, Xabier Paya kultur eragilea izango da jardunaldiko lehen hizlaria. “Ikasle, ikusle, ekoizle; euskarazko kultur kontsumoa eta sorkuntza areagotzeko pistak” du izena Payaren hitzaldiak.

Payaren hitzaldia amaitzean, aurtengo jardunaldirako beren-beregi prestaturiko hiru bideo pilula aurkeztuko dira. Irakasleei zein ikasleei zuzenduriko bideo labur hauek erakusten dute zein aukera zabala eta zenbat baliabide dauden gaur egun gure eskuetan euskarazko kultura ezagutu eta kontsumitu ahal izateko. Teknologia berrien bitartez modu errazean egin daitekeen lan hori are gehiago erraztea dute helburu bideo hauek, euskarazko kultura ikasgelan sustatzeko sareak eskaintzen dituen baliabideak jasoz modu atsegin, dinamiko eta umoretsuan. Bideo bakoitzak kultura arlo bat du ardatz: literatura; musika; eta ikus-entzunezkoak.

Amaitzeko, parte hartzaile guztien txanda izango da. Zonaldeka, 20 bideo-bilera antolatuko dira, Berritzeguneetako aholkulariek gidatuta, jardunaldian ikusi eta entzundakoak elkarrekin komentatzeko, alderdirik nabarmenenak partekatzeko eta, batez ere, norberaren ikastetxean zer eta nola egin dezaketen erabakitzeko.

Eskola Hiztun Bila

  1. ediziora iritsirik, koronabirusak ezin izan du geldiarazi aurtengo Eskola Hiztun Bila jardunaldia, baina bertan izango diren hitzaldi eta mahai inguruak telematikoki jarraitu beharko dira, jardunaldi honek elkartu izan ohi duen profesional kopuru handia leku bakarrean batzea ezinezkoa baita osasun egoera honetan. Horrela bada, hizlariak Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzako Areto Nagusitik ari dira, eta teknikari, aholkulari zein irakasleek nork bere ikastetxetik jarraitzen dituzte saioak, streaming bidez.

Hizkuntza normalkuntzarako Ulibarri programan parte hartzen duten ikastetxeei eta bertako arduradunei zuzendurik, formazioa eta esperientzia trukaketa ditu helburu jardunaldiak. 1996-1997 ikasturtean jarri zen abian Ulibarri programa euskal ikastetxeetan. Euskararen normalizazio alorrean aitzindari, egun sendo eta erabat errotuta dago programa hau, eta Euskadiko 410 ikastetxek hartzen dute parte bertan, euren egunerokoan euskararen erabilera eta kalitatea indartzeko xedez.