Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak “Euskararentzako estrategia digitalaren bila Europari begira” jardunaldia antolatu du datorren asteazkenerako, urriaren 28rako. Hasiera baten jardunaldia udaberrian egitekoa zen baina osasun egoeraren ondorioz udazkenera atzeratu zuten. Orain online egingo da. Goizeko 9etan hasi eta eguerdiko 14ak bitartean nazioarteko hainbat adituk euskarak mundu digitalean izan behar duen ibilbideari buruz hausnartuko dute. Interesa dutenek urriaren 26a baino lehen eman beharko dute izena honako helbide honetan: https://www.euskadi.eus/ekitaldia/euskara-estrategia-digitala/web01-a2lingu/eu/.
Euskara Sustatzeko Ekintza Planak bere erronken artean argi esaten du hizkuntza batek IKT alorrean, Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan, etorkizuna izan nahi badu, oinarrizko baliabideak eta tresnak behar dituela eta horiek euskaraz garatzeko eta eguneratuak izateko ekimen eraginkorrak bultzatuko dituela. Era berean, 2020-2024 Gobernu Programan euskararen ezagutza areagotzeko eta, batez ere, euskararen erabilera azpimarratzeko gizarte- eta kultura-eremuetan, eremu ekonomikoetan, digitaletan eta sektore publikoan konpromisoa hartzen da; horretarako, besteak beste, Hizkuntzaren Teknologien Plana onestea eta garatzea eta euskararen presentzia, euskarazko edukien sorkuntza eta horien ingurune digitaleko erabilera sustatzea proposatzen da. Horretan ari da Euskararen Aholku Batzordeko Ingurune Digitalean Euskara Sustatzeko batzorde-atala. 2020. urtean euskara arlo digitalean sustatzeko bide-orri berria prestatu nahi du eta horretarako baliatuko du datorren urriaren 28ko jardunaldia.
Europa mailako adituak
Nazioarteko esperientzietatik ekarpen interesgarriak jaso eta beste informazio iturri batzuk aurkitzeko helburuarekin egingo da datorren asteazkeneko topaketa. Jardunaldiotan ingurune digitalean adituak diren pertsonek parte hartuko dute. Eusko Jaurlaritzako eta Euskararen Aholku Batzordeko kideez gain Alemaniako, Espainiako Gobernuko, Kataluniako Generalitateko, Islandiako, Galeseko eta Estoniako adituek parte hartuko dute. Beraiek bizi duten esperientziatik eta errealitatetik osatu nahi dute datozen urteetan euskarak ingurune digitalean izan behar duen ibilbidea.