Lehendakariak elkarlaneko gobernantza eta subsidiaritatea defendatu ditu

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak gaur goizean parte hartu du, Lehendakaritzatik bideokonferentzia bidez, Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek deitutako presidente autonomikoen bileran. Bertan, Covid-19ak sortutako egoerari aurre egiteko bideak jorratu dituzte. Gaurko bileran, Europako Batzordeko presidente Úrsula Von der Leyen ere izan da, «Next Generation» Europako Funtsen irizpide eta ildo nagusiak partekatzeko. Gaurko bere hitzaldian, Úrsula Von der Leyen-ek Euskadi Basque Country-ren eredua aipatu du berrikuntzaren eta teknologia berrien esparruan.

Lehendakariak esan du Europako funtsei buruz partekatu den informazioa erabilgarria izango dela, eta Europar Batasunak finantzatu ditzakeen eraldaketa digital eta teknologikoko, energetikoko eta ingurumeneko, inklusioko eta gizarte-kohesioko proiektuak hobeto bideratzen lagunduko duela. «Izan ere, Next Generation Funtsa aukera bat da RIS 3 espezializazio adimentsuaren estrategian sakontzeko eta Europar Batasunak erkidegoek parte hartzen dugun trantsizio energetiko-ekologiko bikoitzean eta digitalizazioan duten eginkizuna berriz bultzatzeko», zehaztu du. Ildo horretan, Lehendakariak elkarlaneko gobernantza eta subsidiaritatea defendatu ditu, herritarren eskaera, nahi eta beharretatik hurbilen dauden erkidegoen parte-hartze aktiboa planteatuz.

Lehendakariak interpretatu duenez, Europako Batzordeko presidentea foro honetan egoteak autonomia-erkidegoek krisialditik irteteko duten funtsezko papera aintzatesten du. «Elkarlaneko gobernantzaren aldeko seinale argia da. Estatu kideak dira Next Generation funtsen «sarrera», eta Gobernu Autonomoak gara berreskuratze horren «pilotua», gaineratu du.

Lehendakariak, bere hitzaldian, argitasun handiagoa eskatu du hiru alderditan:

  • Europako Batzordearen irizpide orokorrak proiektu eraldatzaileak hautatzeko garaian.
  • Espainiako Gobernuak abian jarriko dituen tresnak eta irizpideak, autonomia-erkidegoekin batera proiektuak hautatzeko eta kudeatzeko.
  • Proiektuen ebaluazioa, jarraipena eta gauzatze-kontrola egiteko sistemak, Europar Batasunak ezarritako parametroen esparruan.

Era berean, Lehendakariak adierazi du Euskadik lanean jarraitzen duela ekimen publikoko eta lankidetza publiko-pribatuko proiektu proposamen berriak txertatzen lehen zerrendan hartan; horren emaitza lan-oinarri sendoa, egiaztatuagoa eta zehatzagoa, delarik. Emaitza hori Espainiako Gobernuaren esku jarri ahal izango da, hala ezartzen den unean.