Segurtasun sailak alerta laranjak aktibatu ditu datozen asteazken eta ostegunerako nabigaziorako eta kosaldeko inpaktuagatik

0

Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du nabigaziorako (lehen bi milietan) asteazkeneko 18:00ak eta osteguneko 09:00ak bitartean, izan ere olatuen altuera adierazgarria 5 eta 6 metrotik gorakoa izango da eta periodoa, 19-22 segundu bitartekoa. Era berean, kostaldean inpaktua egon daitekeelako alerta laranja aktibatu du osteguneko, urriaren 29ko, 02:00etatik 05:00etara.
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, gaur eta bihar Atlantikoaren iparraldean, Groenlandia eta Britainiar Uharteen artean, sortuko den ekaitz sakon eta zabalak haize bortitza eta olatu handiak eragingo ditu. Nahiz eta EAEtik urrun egon, sortutako hondoko itsasoak eragina izango du euskal kostaldean, batez ere asteazkenetik ostegunera bitartean. Egoera horrek nabigazioan eragina izateaz gain, kostaldean ere inpaktua eragin dezake, bereziki itsasgoren inguruan.
Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak Euskalmet (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter (@Euskalmet) bidez jarraitzea edo «abisuak nahieran» zerbitzuan alta emanda. Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.

Gomendioak

• Urrundu olatuak lehertzen diren lekuetatik (haitz, kai-mutur, moila).
• Ez hurbildu itsas pasealeku, kai-mutur edo itsas labarretara. Uraren indar handiak eraman egin zaitzake.
• Ez joan ibilgailuz kostako errepideetan.
• Urpekaritza egitekoa bazinen, utzi beste baterako.
• Saiatu ontzirik ez erabiltzen, eta begiratu zurea ondo amarratuta dagoen. Ez egin uretako kirolik, ezta inondik ere.
• Itsasora erortzen bazara, urrundu olatuak lehertzen diren lekutik, laguntza eskatu eta itxoin erreskatatu arte.
• Olatuek eramaten bazaituzte, lasai egon, eta ez egin igeri korrontearen kontra; kostako korronteek indarra galtzen dute tarte batzuetan.