VISESA Koroatzearen auzoko 302 etxebizitzatan egiten ari den birgaitze-obrak bisitatu dituzte Arriola sailburuak eta Vitoria-Gasteizko alkateak

0

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, Gorka Urtaran Vitoria-Gasteizko alkatearekin batera, VISESA sozietate publikoa –Eusko Jaurlaritzaren mendekoa– Koroatzearen auzoko 26 eraikinetan (302 etxebizitza) egiten ari den birgaitze-obrak bisitatu ditu; obra horiek SmmartEnCity Europako proiektuaren esparruan egiten ari dira, Vitoria-Gasteiz bertan parte hartzen ari baita, Tartu (Estonia) eta Sondeborg (Danimarka) hiriekin batera. Bisitan, halaber, Ana Oregi alkateordea, Pedro Jauregi Etxebizitzako sailburuordea eta Carlos Quindós Visesako zuzendari nagusia ere izan dira.

Koroatzearen auzoan hiri-espazioa berroneratzeko prozesu handia dago abian; bertan, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak parte hartzen dute. Prozesu horretan, honako ekintza hauek jasotzen dira: kale eta plazak berritzea, mugikortasun jasangarrirako jarduketak, % 100ean berriztagarria den beroaren sarea ezartzea eta 302 etxebizitza birgaitzea eta modernizatzea, ikuspuntu energetikotik efizienteagoak izateko eta bertako bizilagunen bizi-baldintzak hobetzeko. Aldaketa hori, dagoeneko, ikus daiteke dagoeneko birgaitu diren 12 fatxadatan; fatxada horiek auzoko 6 kaletan banatzen dira. Beste 10 atari obretan daude, eta gainerako laurak (4) laster hasiko dira. Obrak, funtsean, fatxaden eta estalkien isolamendu termikoan, leiho bikoitzen ezarpenean eta bero-sarearekiko barneko konexioan dautza.

Horietan guztietan, Visesak birgaitze-lanen diseinu eta betearazpen egokia kudeatzen, kontratatzen, ikuskatzen eta finantzatzen du, eta amaierako produktua “giltza eskura” entregatzen die jabeei, eta inbertsioaren kostua kobratzen die dirulaguntzak kenduta. Birgaitze-lanak efizientzia-estandar altuenekin egiten ari dira; hala, eraikina etengabe isola daiteke eta nabarmen murriztu galera energetikoak.

Dozena bat enpresa eta/edo ABEE baino gehiago aurkeztu dira obrak kontratatzeko lizitazioetara, eta, azkenean, haietako 5 izan dira erkidegoen birgaitze-lanak gauzatzeko adjudikaziodunak. Nabarmendu behar da lan horiek loteetan lizitatu direla, obren betearazpena ahalik eta gehien optimizatzeko eta, aldi berean, ahalik eta enpresa-kopuru handiena lehiaketara aurkezteko bide emateko.

Proiektuaren inbertsio osoaren 13 milioi euroetatik (12.790.000 €), ia 7 milioi euro (6.889.726 €) etxebizitzak birgaitzeko izango dira. Eremu horretako dirulaguntzak 4 milioi euro ingurukoak dira: 1.577.697 € Europako dirulaguntza bidez emango dira, Visesak 1.840.755 € bideratuko ditu eta Vitoria-Gasteizko Udalak, 302.000 €.

Bestalde, etxebizitzako batez besteko kostua 22.814 eurokoa da (+BEZa). Kostu horren % 54 erakundeek ordaintzen dute, eta jabeek % 46 ordaindu behar dute. Baina diru-sarrera baxuak dituzten (21.100 euro baino gutxiago) eta kostuari aurre egin ezin dioten familia-unitate guztientzat, Eusko Jaurlaritzak eta Vitoria-Gasteizko Udalak sortutako Berme Funtsa dago, eta etxebizitzen 37 titularrek heldu diote funts horri.

Etxebizitzen monitorizazioa

Erreformatutako etxebizitzetan, monitorizazio-prozesua egin da, pisuen konfort-maila erkatzeko jarduketen aurretik eta ondoren. Pisu bakoitzean, honako hauek erregistratzeko sentsoreen kita jarri da: kontsumo elektrikoa, tenperatura, hezetasuna eta, kasu batzuetan, airearen kalitatea, gela nagusian dagoen CO2aren neurketaren bidez. Arriola sailburuak honako hau nabarmendu du: “lehen emaitzek, nahiz eta oraindik oso goizetik izan, neurketa oso interesgarriak ematen dituzte: berokuntza-eskariaren % 50eko murrizketa, CO2 emisioen % 90eko murrizketa eta etxebizitzen faktura energetikoan % 15 eta 20 bitarteko aurrezpena”. Halaber, oszilazio termiko txikiagoak ikusi dira etxebizitzetan, eta gainberotze txikiagoa udan.

Arriolak VISESAren lanaren balioa nabarmendu du, “lehendabizi, haietan bizi diren auzokideen bizi-kalitatea nabarmen hobetzeko aukera emango duelako, energia gutxiago kontsumituko dutelako eta erosoago egongo direlako. Eta, bigarrenik, blokeak erabat eguneratuta eta berrituta geratuko direlako, eta, ondorioz, blokeen eta auzo osoaren balioa handitu egingo delako”.

Koroatzearen auzoa Udalarekin lankidetza estuan lan egiten ari den auzo-laborategietako bat da, eta gainerako udalerrietarako hiria berroneratzeko esku-hartze integratuaren adibide bat. Hori horrela, Etxebizitzako sailburuak esan du hiriaren berroneratzea Etxebizitza Sailaren ekintza-ardatz nagusietako bat dela. “Gainera –esan du–, antzeko jarduketak egiten ari gara beste udalerri batzuetan, besteak beste, Sestaon, Durangon, Donostian, Eibarren edo Bilbon. Ez da ahaztu behar euskal herritarren % 31 eraikinen bizigaitasun-baldintzengatik eta bertako biztanleen egoera sozioekonomikoagatik kaltebera gisa katalogatutako auzoetan bizi direla, eta gure betebeharra da udalerri bereko beste eremu batzuetan bizi direnetatik bereizten dituen arrakala hori ixteko ahalegina egitea”.

Bestalde, Gorka Urtaran alkateak Koroatzearen auzoaren proiektua eredu gisa jarri du, “Vitoria-Gasteiz hiri jasangarri izatea eragin duten ingurumen-politiken eta eraginkortasun energetikoaren eredu. Bide horretatik jarraitu nahi dugu; hau bezalako ekimenen bidez, non maila guztietako administrazioek eta herritarrek berek elkarrekin lan egiten baitute, klima-aldaketaren aurkako eta gure hirietako bizi-kalitatea hobetzearen aldeko borrokan ekarpenak egiten dira”.

Alkateak, gainera, bero-sarearen aurrerakada ona nabarmendu du; hura SmartENcity proiektuan integratzen da, eta hura, dagoeneko, Koroatzearen auzoko kaleetan instalatu da. Sareak ur bero sanitarioaren eta berokuntzaren energia berriztagarriz hornituko ditu sarera konektatuta dauden etxebizitza-bloke eta eraikin pribatu guztiak. Giroa Veolia enpresa da instalazioa eraikitzeko arduraduna, eta irailean hasi zen obrekin.

Azpiegitura horren onura nagusiak honako hauek dira: kontsumo energetikoa murriztea, auzoko galdara eraginkorragoa erabiliz; atmosferara isurtzen diren CO2 emisioak murriztea; energia berriztagarrien iturriak erabiltzea eta kanpoko mendekotasun energetikoa erregai fosilen bitartez murriztea. Gainera, berezko baliabideen balioa nabarmentzen da, Vitoria-Gasteiztik hurbil dauden baso-ustiategi jasangarrietatik datorren basoko biomasa erabiliz.

Paraleloan, Vitoria-Gasteizko Udalak espazio publikoan esku hartuko du, 2 milioiko ekarpen osagarriaren bidez. Auzokideekin egindako parte-hartze prozesu baten ondorioz, obrak egingo dira Aldabe kalean, bertako bidea erdi-oinezko moderno bilakatuko dela; Aldabe plazan, zeina auzoko bizilagunak egoteko eta elkartzeko leku bilakatuko baita, eta Ziudadela plazan, non parterreak desagertuko baitira eta oinezkoen iragazkortasuna hobetuko baita. Gainera, inguruneko argiztapena hobetuko da.