Barakaldok 1,6 milioi bideratuko ditu herritarrei Covid-19ren aurrean lagunduko dieten herritarren ekimenetarako

0

Barakaldoko Udalak azaroaren 23an jarriko du martxan Partaidetzazko Aurrekontuen kanpaina berria. Bi urtean behingo ekimena da, 2,2 milioi euroko partida du, eta aurten bi nobedade izango ditu: lehenengoa, urteko partida berezi bat gorde da auzoetarako.  Bigarrena, Udalak barakaldarren proposamen berritzaileak eta sortzaileak jaso nahi ditu, familiei Covid-19ren ondorioak arintzen laguntzeko balio dezaketenak. «Pandemia partaidetzazko aurrekontuak sortzeko prozesuan geundela sartu zen bete-betean. Badakigu gure bizitza aldatu dela. Orain beste premia batzuk ditugu, beste lehentasun batzuk, eta horregatik, proiektua errealitate berri horretara egokitu behar dela uste dugu herritarrek egun dituzten premiak jasotzeko» azaldu du Barakaldoko alkate Amaia del Campok Herritarren Parte-hartze Arloko zinegotzi Gorka Zubiaurrerekin batera.

Ekimen berri honetan Barakaldo aitzindaria da. Pertsonak eta ezohiko pandemia-egoerak sortutako premiak izango dira Partaidetzazko Aurrekontu horien lehen zatiko protagonistak, eta herritarrek sei esparrutan oinarritutako proposamenak bilduko dituzte: Enplegua eta aktibazio ekonomikoa, Gizarte-eremua, Adinekoak, Kultura eta hezkuntza eremua, Mugikortasun jasangarria eta Gazteria.

«Pandemia era askotako egoerak sortzen ari da.  Orain, urruntze sozialari eutsi behar diogu, aire zabaleko ekintza gehiago programatu behar ditugu, aurretiko hitzordua eskatu behar dugu hainbat erakundetan kudeaketak egiteko ¿  Guk herritarren parte-hartzearen alde egiten jarraitzen dugu, eta gure ustez, gaur egungo egoeran herritarrek asko dute esateko, beraz, Hiriko Proiektuen atala abian jartzea erabaki dugu.  Oso argi daukagu, oraintxe bertan, lehentasuna pertsonak eta haien premiak direla», adierazi du alkateak.