Barakaldok soberakinetik 6,3 inbertituko ditu familiei Covid-19ak eragindako premiei aurre egiteko

0

Barakaldok 7,7 milioi euro inbertitu ditu orain arte Covid-19ak eragindako osasun- eta ekonomia-krisiari aurre egiteko.  Kopuru hori datorren astean indartuko da 6,3 milioi euroko kreditu gehigarriak onartzen direnean. Kreditu gehigarri horiek udalaren aurrekontua indartuko dute, Udalak aurrerantzean egingo dituen jarduerei aurre egiteko. Helburua da pandemiaren ondorioz, okerren pasatzen ari diren familia eta sektoreekin lotutako arloen partidak handitzea. «Gastuari eusteko politikari esker, joan den legegintzaldian kontuak saneatzea lortu genuen, Udalaren zorra murriztea eta soberakin bat, aurrezpen bat, mantentzea, eta horri esker, egun bizi dugun egoera zail honetan herritarrei laguntzeko beharrezkoak diren gastuei aurre egin ahal izan diegu», adierazi du Amaia del Campo Barakaldoko alkateak, Danel Sola Ogasuneko zinegotziarekin batera.

Koronabirusaren ondorioz sortutako krisi ekonomikoak zuzenean eragiten die Barakaldoko familiei, baina merkataritza, ostalaritza, kultura, eraikuntza eta antzeko sektoreei ere bai. Hurrengo osoko bilkuran bozkatuko diren kreditu gehigarriek xede dute familia eta kolektibo horiei laguntzeko erabiltzea, ekimenak, proiektuak eta ekintzak bultzatuz.

Hala, 870.000 euro bideratuko dira familia kalteberenei laguntzeko, adinekoei laguntzeko ekintzetarako eta abarrerako partida indartzera. Halaber, 500.000 euro gehiago bideratuko dira ekonomia sustatzeko proiektuetarako, enpresa txiki eta ertainei, merkataritzari eta ostalaritzari laguntzeko eta Covid-19aren ondorio negatiboei aurre egiteko. Atal sozialean ere 100.000 euro gehiago izango ditu Emakume Arloko aurrekontuak, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko.