Barakaldoko Udaleko Etxebizitza eta Hirigintzako Plangintza eta Kudeaketa Arloko Informazio Batzordeak, Alfredo Retortillok zuzenduta, aho batez onartu du gaur 140.305 euro ematea eraikinak birgaitzeko laguntzetan. 2019ko ohiko deialdiko dirulaguntzak dira, eta 203 bizilagun dira onuradunak.
Laguntza horiei beste 309.695 euro gehitu behar zaizkie, ordenantzaren xedapen iragankorraren barruan banatu berri direnak. Xedapen iragankor horrek aurreko araudiari atxikitako jarduketen finantzaketa jasotzen zuen, Eretza udal hirigintza-sozietateak kudeatua.
Guztira, eraikinak birgaitzeko aurten emandako dirulaguntzen bi lerroek 450.000 euro osatzen dute. Laguntza horiek igogailuak jartzea barne hartu dute, bai eta beste obra batzuk ere, hala nola fatxadak eraberritzea eta eraikinetako egiturazko obrak.
Eraikinen irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzeko, hiriko higiezinen parkea modernizatzeko egindako «ahalegina» nabarmendu du Alfredo Retortillok. Izan ere, 2020an, dirulaguntza horien aurrekontua % 20 baino gehiago handitu da ohiko azken deialdiarekin alderatuta.
«Horrelako dirulaguntzarik ez balego, herritar askok zailtasunak izango lituzkete jabekideen komunitateko obren kostuari aurre egiteko, eta kasu askotan ezinbestekoak izaten dira eraikina egoera onean mantentzeko», adierazi du.
Gaur emandako 203 laguntzetatik, 13 eraikinen segurtasuna hobetzeko obrengatik izan dira, 53 irisgarritasuna hobetzeko jarduketengatik eta 127 bizigarritasuna hobetzeko lanengatik. Ez da energia-eraginkortasunaren arloko eskaerarik erregistratu.