Donostiako TAO makina berriak irisgarritasunean eta jasangarritasunean hobekuntzak ekarriko dituzte

0

Donostiako Udalak zenbait hobekuntza jarri ditu abian eremu publikoan ibilgailuak aparkatze arautuaren zerbitzuan (TAO), erabiltzaileei erraztasunak emateko helburuarekin. Eysa enpresari esleitu zaion kontratu berriak sei urteetako luzapena izango du. Nobedade garrantzitsuenen artean, aipatu behar da makina zaharrenak eguneratuko direla, eta funtzionalitate berriak eta kudeaketa bizkorragoa izango dituzten beste batzuk jarriko direla.

Zerbitzu berriaren aurkezpenean, Pilar Arana Mugikortasuneko zinegotziak nabarmendu duenez, “TAOren kudeaketarako kontratu berri hau aurrerapauso garrantzitsua da garai berrietara egokitzeko; izan ere, teknologia berriek herritarron eguneroko bizitza errazteko aprobetxatu behar ditugun abantailak eskaintzen dizkigute, hiri irisgarriagoa eta jasangarriagoa eginez”.

363 makina izango dira hirian zehar banatuta. Makina berriak abenduaren hasieran jartzen hasiko direla aurreikusten da, eta hurrengo lau hilabeteetan haien funtzionaltasuna areagotuz joango da.