Eskola Hiztun Bila 2020 Jardunaldia

0

Xabier Paya kultur eragilearen hitzaldiarekin hasi da jardunaldiaren bigarren eguna. “Ikasle, ikusle, ekoizle; euskarazko kultur kontsumoa eta sorkuntza areagotzeko pistak” izan du izena Payaren hitzaldiak.

Payaren hitzaldia amaitzean, aurtengo jardunaldirako beren-beregi prestaturiko hiru bideo pilula aurkeztu dira. Irakasleei zein ikasleei zuzenduriko bideo labur hauek erakusten dute zein aukera zabala eta zenbat baliabide dauden gaur egun gure eskuetan euskarazko kultura ezagutu eta kontsumitu ahal izateko. Gida praktikoak izanik, teknologia berrien bitartez modu errazean egin daitekeen lan hori are gehiago erraztea dute helburu bideo hauek, euskarazko kultura ikasgelan sustatzeko sareak eskaintzen dituen baliabideak jasoz modu atsegin, dinamiko eta umoretsuan. Bideo bakoitzak kultura arlo bat du ardatz:

Literatura

Musika

Ikus-entzunezkoak

Amaitzeko, parte hartzaile guztien txanda izan da. Zonaldeka, 20 bideo-bilera antolatu dira, Berritzeguneetako aholkulariek gidatuta, jardunaldian ikusi eta entzundakoak elkarrekin komentatzeko, alderdirik nabarmenenak partekatzeko eta, batez ere, norberaren ikastetxean zer eta nola egin dezaketen erabakitzeko.