Garamendi Sailburuak gobernu digitalaren estrategia bat ezarriko du administrazioan

0
PRUEBA

Olatz Garamendi Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak agerraldia egin du gaur arratsaldean Eusko Legebiltzarrean, bere sailak datozen lau urteetan izango dituen jarduera-ardatz nagusien berri emateko. Araubide Juridikoko sailburuorde Sabino Torre, Erakunde Harremanetarako sailburuorde Jone Berriozabal, Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuorde Polentzi Urkijo eta Funtzio Publikoko sailburuorde Jose Maria Armentiarekin batera, Garamendik 2020-2024 legegintzaldi honetarako bere jarduera-ildoak eta helburuak azaldu dizkie legebiltzar taldeei.

Bere hitzaldian, Garamendik legegintzaldi honetarako bi helburu nagusiak azpimarratu ditu: Administrazio publikoa modernizatzea eta Gernikako Estatutua amaitzea, transferentziak itxita. Sailburuak bi erronka horiek euskal herritarren ongizatearekin eta garapenarekin lotu ditu, eta pertsonak Eusko Jaurlaritzaren eta, bereziki, bere Sailaren politiken eta helburuen erdigunean jartzearen garrantzia azpimarratu du.

Euskal gizartearen zerbitzura egongo den administrazioa diseinatzen jarraitzeko beharra nabarmendu ondoren, Sailburuak administrazioa humanizatzearen aldeko apustua egin du, herritarrengana hurbilduz, sinplifikatuz, eraginkortasuna areagotuz, parte-hartzaileagoa eta, aldi berean, gardenagoa bihurtuz. Garamendik gogorarazi duenez, Covid-aren pandemiak eragindako osasun, gizarte eta ekonomia krisiak inoiz baino nabarmenago utzi du administrazioa modernizatzeko beharra, eta horretarako, pertsonen eta administrazioen arteko harremanak digitalizatu behar dira.

Sailburuak gobernu digitalaren euskal estrategia ezartzeko konpromisoa hartu du, administrazio publikoan kudeaketa-eredu berriak eta administrazio publikoei eragiten dien gobernantza publikoaren kultura berri bat bultzatzeko. Hori guztia erakunde eta organismo publikoen arteko lankidetza eta koordinazio-esparru batean.

Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian, Olatz Garamendik iragarri du bere sailak adimen artifizialeko plan pilotu bat bultzatuko duela administrazioaren esparruan, eta azpimarratu du garrantzitsua eta beharrezkoa dela Administrazio Publikoaren esku dauden datuen erabileran aurrera egitea, zerbitzuak diseinatzeko eta datu publiko horiek jarduera ekintzaileetarako erabil ditzaketen enpresetan eta herritarrengan berrikuntza sortzeko.

Administrazio digitalerantz aurrera egiteko, Sailburuak aurreratu du laguntza-deialdiak sustatuko dituela gaur egun aukera hori ez duten landa-eremuko biztanleguneetan banda zabaleko sareak zabaltzeko. Hiriguneei dagokienez, eremu horretako eten digitala eta, oro har, eten digital pertsonala murrizteko konpromisoa hartu du. Arlo horretan ere, plan hau gauzatzeko printzipio inspiratzailea elkarlaneko gobernantza izango da, kasu honetan aldundiekin eta euskal udalerriekin.