Gobernu Kontseiluak Zallako Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortua Babes Bereziko kultura-ondasuna, Gune Arkeologikoaren kategoriarekin, izendatzen duen dekretua onartu du gaurko bileran.
Horrela, eremu horretan, ez da baimenduko aztarnategi arkeologikoa arriskuan jarri edo honda dezakeen erabilerarik ez jarduerarik, ez bakarrik higiezinen hondakinak suntsitzeari dagokienez, ezta gordailu arkeologikoaren ordena historikoa alda dezakeen edozein jarduketa ere. Beraz, baimendutako erabilerak kulturalak eta zientifikoak baino ez dira izango eta beti ere, ingurua finkatzera, kontserbatzera edo zaharberritzera bideratutakoak. Gainera, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura sailak baimendutako proiektuak izan behar dira.
Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Zallako Bolunburuko Esparruko Herrixka Gotortuaren Gune Arkeologikoa Euskal Kultura Ondarearen Euskal Autonomia Erkidegoko Erregistroan inskribatuko du.
Gaur onartutako dekretua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunean bertan jarriko da indarrean.
Bolunburuko II. Burdin Aroko herrixka
Zallako Bolunburu mendian, 320 metroko altueran, dagoen II. Burdin Aroko herrixka gotortuaren aztarnak 2002an baieztatu zituzten lehenengoz. Zundaketa egin zen eta berehala basozain batek azaleko hainbat material aurkitu eta bildu zituen, batez ere errota zatiak. Zallako udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren lankidetzari esker oso aurreratuta dago gotorlekuaren berreraikuntza-lana, oinarri zientifikoz egindakoa.
Toki oso estrategikoan dago, tontor batean, inguruaren kontrola eta haraneko ikuspegi ezin hobea ematen diona. 4.000 metro kuadroko azalera du, horietatik 920 metro kuadro eskas hartzen dute etxebizitzen aztarnek. Herrixka txikia da eta gaur egun bere perimetro osoan ikus daiteke. Iparraldera, amildegia du eta harresia gainontzekoan. Babes horma hau bere hegoaldeko fatxada ere bada eta guztira 153 metroko luzera du. Gaur egun bi metroko altueraraino ikus daiteke. Hala ere, jatorrizko harresiak 4 metroko altuera ere izango zuela uste dute adituek. Harresiaren inguruan eta paraleloan 2,5 metroko hobia ere badu. Obra exentua da, hareharriz egindakoa. Ekialdean duen sarrera monumentala da bertara sartzeko bide bakarra. Inguruan, amildegian, dagoen harrobi batetik atera zituzten, itxura guztien arabera, harresia eraikitzeko harriak.
Kantauriar kastroen antzeko okupazio-eredua du herrixkak: terraza estu bat etxebizitzekin batera dagoen harresiarekiko paraleloan, zenbait gorabehera topografiko eta kulturaletara egokitua. Hala ere, Ebro harenik gertuago dauden eredu kultural protourbanoetako zenbait ezaugarri ere baditu gotorlekuak.
Esparruaren barruan bizitokien egiturak identifikatzeko aukera ematen duten aztarnak daude, batez ere egurra eta bergamazoa bezalako material galkorrez egindakoak. Etxebizitzak egin aurretik ingurua egokitu behar izan zuten eta terraza bat sortu. Gainean eraiki zituzten etxebizitzak. Guztira bi etxe lerro atzeman daitezke Bolunburun.
Arkeologoen ustetan K.a. IV. mendetik K.o. I. mendera egon ziren biztanleak gotortutako herrixka honetan. Adituek diotenez 50-60 bat lagun bizi ziren bertan eta abeltzaintzan eta nekazaritzan aritzeaz gain, errotagileak izan zirela pentsa daiteke. Izan ere, inguruan esku errota askoren aztarnak aurkitu dituzte, segurutik bertako harrobitik ateratakoak.
Inguru natural batean dagoen herrixka hau II. Burdin Aroan altueran egindako Euskal Autonomia Erkidegoko urrienetako bat eta Euskal Autonomia Erkidegoko aztarnategi arkeologiko bikainetakoa da. Badaude antzerako beste herrixka batzuk, askoz handiagoak, Euskal Autonomia Erkidegoan, besteak beste, Intxur (Albiztur-Tolosan), Henayo (Alegria-Dulantzin) edo Arrola (Nabarniz-Arratzun). Hala ere, Bolunburukoa oso txikia da eta horrek bestelako balio pedagogiko bat ematen dio. Jendaurrean jartzeko erraza da eta ondorioz publikoak erraz atzeman ditzake Burdin Aroko elementu nagusiak: defentsakoak (harresia), urbanistikoak, ekonomikoak eta industrialak.