Gobernu Kontseiluak, Ekonomia eta Ogasun sailburuaren proposamenez, Sailen arteko Batzordea sortzea onartu du, Euskadiko Erresilientzia Berreskuratzeko Programa (PRRE 2020-2023) –Euskadi Next– lantzeko, koordinatzeko, gauzatzeko, jarraipena egiteko eta ebaluatzeko. Programa horrek, EBn aurkeztu behar den Estatuko berreskuratze eta erresilientzia planaren barruan EAEri dagozkion ekintzak bilduko ditu, eta ekonomia eta enplegua suspertzeko Berpiztu Programaren osagarri izango da.
Horrela, Euskadi NEXTen barruko proiektuak herrialde-estrategiekin lerrokatuta egongo dira, eta, aldi berean, Batzordeak 2020-2026 aldirako ezohiko funtsez baliatzeko ezartzen dituen irizpideei erantzungo diete.
Sailen arteko Batzordea Ekonomia eta Ogasun Sailaren esku egongo da, eta pertsona hauek osatuko dute:
- a) Presidentea: Ekonomia, Finantza eta Aurrekontu sailburuordea, Hernando Lacalle.
- b) Mahaikideak:
– Lehendakaritzako Idazkaritza Nagusiko titularra, Jesús Peña.
– Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiko titularra, María Ángeles Elorza.
– Sail bakoitzeko ordezkari bat.
– Ekonomia eta Plangintza zuzendaria, Jordi Campás, aldi berean batzordeko idazkari lanak egingo dituena.
– Ekonomia eta Ogasun Kabineteko zuzendaria, Yurdana Burgoa.
Batzordeak 2020-2026 aldirako planteamendu estrategikoak eta dagozkien jarduerak jasoko ditu, eta baita jarduera horiekin batera egin daitezkeen lege- eta arau-erreformak ere. Bereziki, Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren (MRR) eta REACT-EB kohesio-ekimenaren irizpideei erantzuten dieten jarduera guztiak jaso beharko ditu.
Proiektuek oraingo eta etorkizuneko gure premiei erantzun beharko diete, bideragarriak izan beharko dute (Europar Batasunak markatutako eremuekin lerrokatuta eta etorkizuneko jasangarritasunerako beharrezkoak diren baliabideekin), ikuspuntu teknikotik egingarriak izan beharko dute, eta 2026ko abendua baino lehen gauzatu beharko dira, Batzordeak eskatzen duen bezala, eta neurgarriak izan beharko dute (emaitzaren eta eraginaren adierazle argiekin).
Batzordeak Euskadiko beste administrazio publiko batzuekin, gizarteko solaskideekin eta maila anitzeko sektoreekin eta kolektiboekin proposamenak trukatzeko eta integratzeko eredua ezarriko du, ekimenak koherenteak izan daitezen, onar daitezen eta Euskadi Next arrakastaz ezarri ahal izan dadin.
Era berean, programa gauzatzearen jarraipena eta ebaluazioa egingo du, eta jarraipena egiteko mekanismoa ezarriko du, emaitzak aldizka berrikusi ahal izateko, horrela, betetzen direla bermatzeko.