Lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoa eredutzat jartzen du ingurumen-politiken konpetentzien garapenaren arloan

0

Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Autonomia Erkidegoa eredutzat jarri du ingurumen-politiken konpetentzien garapenean, eta industria-politikaren eta ingurumen-politikaren arteko “konbinazioan eta egokitasunean” erreferentzia dela adierazi du.  Gaur arratsaldean, “Movilidad eléctrica para la estructuración de la innovación verde” izeneko lan-saioa, modu telematikoan, inauguratzera gonbidatu dute Urkullu. Lan-saio hori “Green Smart Development and Vision (GSDV)” izeneko nazioarteko konferentziaren esparruan garatuko da. Bertan, 70 herrialdetako 3.000 lagun baino gehiagok parte hartzea espero dute.

Topaketa Seulgo Unibertsitate Nazionalak (SNU) antolatzen du, bere bazkide diren Klimaren Funts Berdearekin (GCF) eta Ingurumenerako Nazio Batuen Programarekin (PNUMA) elkarlanean, helburu honekin: iragate berdearen erronkari eta hainbat esparrutan —industria-politikatik hasi eta mugikortasuneraino, energia berriztagarriak, biodibertsitatea edo nekazaritza jasangarria sustatzea barne hartuz— duten ondorioei buruz esperientziak eta gogoetak partekatzea.

“Lurralde txiki bat gara, baina Europako ekonomia dinamikoenetako bat eta Europako batezbestekoaren % 120ko BPGd per capita dugu” —aipatu du Lehendakariak bere hitzaldian—; halaber, “erreferentziako eredu” gisa ipini du Euskal Autonomia Erkidegoak azken hiru hamarkadetan jasan duen eraldaketa, ongizate eta ingurumen-kalitateko estandar-maila altuak dituen lurralde bihurtu arte, “sustatu ditugun politika publikoei, produkzio-ehunaren konpromisoari eta bertako herritarrei esker”.

Adierazi duenez, garrantzitsuena energia- eta klima-iragate “bidezkoa eta integratzailea” lortzea da, giza dimentsioa lehenetsiz, erronka handienak dituzten produkzio-sektoreei hautabideak eskainiz eta » gure Gobernuei erreklamatzen dugun ahotsa eta gidaritza emanez”.

Euskal eredua

Hitzaldiaren beste une batean, Lehendakariak euskal eredua eta Basque Country 2030 Agenda aurkeztu ditu. Bertan, lau ardatz nagusi biltzen dira: Oparotasuna, Pertsonak, Planeta eta Autogobernua.

Ingurumeneko politika publikoen plangintzari buruz, Iñigo Urkulluk azken 20 urteetan egindako lana aipatu du. Lan hori denbora-tarte horretan onartu diren estrategietan ikus daiteke, adibidez:  Garapen Jasangarrirako Ingurumen Estrategia, KLIMA 2050 estrategia, 2030 Euskal Estrategia Energetikoa; Ekonomia Zirkularraren Estrategia; “Basque Industry 4. 0” Estrategia, Industria Garapeneko eta Nazioartekotzeko Plan Estrategikoa; 2030 Euskadiko Bioekonomiako Estrategia, eta Lege berri bat eta Mugikortasun Jasangarriko Plan berri bat. Horien inguruko xehetasunak eman ditu.

Giza garapen jasangarriko ereduari buruz, Urkulluk esan du ingurumen-konpromisoa eta industria-konpromisoa «bateratzea» dela gakoa. Halaber, Irizar kooperatiba taldea, CAF tren-konpainia, Iberdrola eta Repsol-Petronor aipatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan neurriak ezartzen lagundu duten «goi-mailako enpresen» eredu gisa.

“Orain arteko bidearekin harro gaude, baina asko dugu egiteko. Ikasteko ere asko dugu. Horregatik, trukatzeko eta elkarrengandik ikasteko balio duen topaketa hau partekatzeko eman zaigun aukera eskertzen dugu” esanez amaitu du.