NEIKER adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktibo berri bat lantzen ari da lursail bakoitzeko ongarri nitrogenatuaren dosia doitu ahal izateko

0
PRUEBA

NEIKER adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktibo berri bat lantzen ari da lursail bakoitzeko ongarri nitrogenatuaren dosia doitu ahal izateko, eta, horrenbestez, ingurumenari eta nekazarien ekonomiari eragiten dieten nitrogeno galerak murrizteko. NEIKERez gain, pilotuaren partaideak dira GARLAN kooperatiba, HAZI, Dronak eta Camp Tecnologico.

Ongarri nitrogenatuaren dosia doitzea funtsezkoa da nekazaritza modernoan, izan ere, produktu horiek zuzenean eragiten diete ingurumenari eta nekazariaren ekonomiari. Ongarritze nitrogenatua egoki doitzeak lagundu egiten du lurpeko urak kutsatzen dituzten nitrato galerak murrizten. Gainera, ongarri nitrogenatu mineralekin ongarritzea Lurra berotzen gehien laguntzen duten praktika agronomikoetako bat da, izan ere, fabrikatzeko energia kantitate handia erabiltzen da, eta aplikatzeko unean nitrogeno gasak igortzen dira, berotegi efektu handikoak. Berez, Europar Batasunaren Baserritik Mahaira (‘Farm to fork strategy’) estrategiaren helburua da 2030erako ongarrien kontsumoa %20 murriztea.

Hala, erronka da ongarri nitrogenatuaren doikuntza ezin hobea aurkitzea, lursail bakoitzak ahalik eta errendimendurik handiena atera diezaien laboreei, ingurumena kaltetu gabe. Horretarako, ezinbestekoa da ongarrien dosia laborearen baldintzetara doitzea, horiek ahalmen produktiboaren menpe daudelarik, zeina, aldi berean, lursail bakoitzeko lurraren baldintzen eta klimaren menpe baitago.

Proiektu pilotua Microsoften ‘AI for Earth’ ekimenean kokatzen da, Euskadin Eusko Jaurlaritzak sustatzen du, eta Araban garatuko da, datozen 12 hilabeteetan. MICROSOFTen laguntza teknikoa dauka, eta hainbat datu iturri erabiliko ditu (Europako Agentzia Espaziala, Geoeuskadi bisorea, Euskalmet, etab.), Adimen artifizialarekin batera, eredu prediktibo bat garatzeko, gariaren errendimendua kalkulatu ahal izateko, hodiratzeko unean, nitrogeno dosia doitzeko.

Uztaren iragarpenean kontuan hartu behar dira aldagai topografikoak, klimarenak, ekoizpenari eragiten dioten aurreko urteetako uztak eta laborearen egoerari buruz informatzen duten indize begetatiboak. Horregatik guztiagatik, zentzuzko ongarritze nitrogenatu batek, lursail guztien bilakaera kontuan hartuko dituen diagnostiko nutrizionalean oinarrituta, doitu egingo luke aplikatu beharreko dosia, eta nitrogenoaren erabilera efizienteagoa izango litzateke, ingurumenaren zein ekonomiaren ikuspegitik.

PREDICOA proiektu pilotua bat dator Microsoften FarmBeats programan definitutako ardatz berarekin, baina lurraldean estaldura ona (mugikorra, Internet) duten landa inguruneetako nekazaritzako lursail txikiak dituzten nekazarien beharretara zuzenduta, zeinek, horrenbestez, ahalmena izango baitute jasotako datuak transmititzeko.