Azterlan baten datuen arabera, Euskadi biztanle bakoitzeko mendekotasunean gehien inbertitzen duen autonomia-erkidegoa da

0

Azterlan baten datuen arabera, Euskadik buru izaten jarraitzen du mendekotasunean inbertitzeari dagokionez. Zehazki, Euskadin 368 euro bideratzen dira, biztanleko eta urteko, eta Estatuan, batez beste, 183 euro. Euskadiren ondoren gehien inbertitzen duen bigarren erkidegoa ere Euskadiko batez bestekotik urrun dago. Extremadura da, biztanleko 286 euro, batez beste.

Azterlana Estatuko Behatokiak prestatu du, Gizarte Zerbitzuetako Zuzendari eta Gerenteen Elkarteak koordinatuta, eta nabarmentzen du euskal erakundeek arlo horretara bideratutako gastuaren % 90,8ren ekarpena egin zutela 2019an, 737,3 milioi euro; kopuru horri Estatuaren ekarpena ere gehitu behar zaio, 74,7 milioi. Guztira, Euskadik 812,13 milioi euro inbertitu zituen mendekotasunean iaz.

Batez beste, autonomia-erkidegoek gastuaren % 83,9 ordaindu zuten; beraz, Euskadi, parametro horretan ere, zazpi puntu gainetik dago.

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak albiste berri honi harrera eman dio nabarmenduz euskal erakunde guztien esfortzuaren emaitza dela lorpen hau. Izan ere, azpimarratu duenez, “elkarte honek egiten dituen azterketa eta ikerketa guztiak inpartzialak dira eta ohikoa da Euskadiko gizarte sistema lidergo egoeran aurkeztea, baina ez dela nahikoa ere, badakigu”.

Horri buruz, sailburuak gaur nabarmendu duenez, “legegintzaldi berri honetan, gure lehentasunetako bat izango da Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema sendotzeko lan egitea, erantzukizun publikoko sistema misto gisa, kudeaketa publiko zuzena nagusitzen dela, eta gizarte-ekimenaren bidez”. Gainera, honako hau nabarmendu du: “aurreko krisialdian, testuingurua gorabehera, Euskadin Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema zabaltzeko gai izan ginen”.

Orain, Eusko Jaurlaritzak EAEko Gizarte Zerbitzuen II. Plan Estrategikoaren aldeko apustua egingo du; plan horrek, besteak beste, azaldu duenez, mendekotasun-egoeran edo -arriskuan dauden pertsonei erkidegoan arreta eman dakien sustatzea ere jaso du, bai eta adinekoentzako egoitza-zentroak sendotzea eta eraldatzea ere.