Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrolak areagotuko dituzte asteburu honetan, Euskadin mugikortasuna murrizteko ezarritako neurri berriak betetzen diren bermatzeko

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte asteburu honetan errepideetako kontrolak, mugikortasuna murrizteko ezarritako neurri berriak betetzen diren zaintzeko. Didaktikoa izan den lehenengo fasearen ondoren, gaur, ostirala, lehenengo isunak jartzen hasiko dira. Mugimenduak kontrolatzeaz gainera, polizia-baliabideek maskarak ongi erabiltzen diren, jende multzoak gehienez ere sei pertsonakoak diren eta gainerako osasun-neurriak betetzen diren zaintzen jarraituko dute.

Polizia-zaintzaren bidez kontrolatu nahi da alarma-egoeraren eta lehendakariaren dekretuaren ezarpenaren ondorioz, prebentzioko osasun-neurri gisa, ezarritako araudi berria betetzen den. Araudi berriak Euskadiko herritarren mugikortasuna norbera bizi den udal-barrutira mugatzen du, eta 6etatik 23etara, besteak beste, osasunarekin edo lanarekin zerikusia duten arrazoiak izanik salbuespena. Era berean, jende multzoak gehienez ere sei pertsonak izatea ezartzen du.

Joan den asteartetik, Ertzaintzak eta udaltzaingoek koordinatuta egin dituzte kontrolak. Autonomia-erkidegoan eta udalerrietan sartzeko edo horietatik irteteko behar ez diren desplazamenduak saihesteko, gaurtik, ostiraletik, hasita eta asteburu osoan zehar, areagotu egingo dira kontrol-dispositibo horiek errepide-sare nagusian eta bigarren mailakoan.

Hasiera batean, kontrol-lanak herritarrei egoera berria azaltzera mugatu dira. Gaurtik aurrera, horrez gainera, isun administratiboak jarri ahal izango dira. Zeregin horretarako, Ertzaintzako eta udaltzaingoko agenteek jada badituzte hainbat irizpide operatibo.

Mugimenduak kontrolatzeaz gainera, polizia-baliabideek maskarak ongi erabiltzen diren, jende multzoak gehienez ere sei pertsonakoak diren eta gainerako osasun-neurriak betetzen diren zaintzen jarraituko dute.