Eusko Jaurlaritzak urteroko Euskampus-Bordeaux Egunean parte hartu du

0

Gaur, Euskampus-Bordeaux Eguna 2020 egin da. Urteroko hitzordu handi horretan, Euskampus-Bordeaux mugaz gaindiko campusak eta haren jakintza guneek –erronka zientifiko, teknologiko eta sozial handietara bideratutako punta-puntako ikerketan aritzen dira– erdietsitako azken lorpenak eta aurrerapenak aurkeztu eta jakinarazten dira. Lehenengo aldiz, online egin da ekitaldia, osasun egoera dela eta.

Euskampus-Bordeaux Eguna amaitzeko ekitaldian parte hartu dute: Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak, Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak, Ricardo Diez DIPCko zuzendariak, Iñaki San Sebastián Tecnaliako zuzendariak, eta Mathieu Bergé Akitaniako Eskualdeko Kontseiluko ordezkariak.

Jokin Bildarratz sailburuaren iritziz, “Bordeleren eta Euskadiren arteko elkarlan luze eta estuak, aliantza honen oinarrian dagoenak, beharrezko konfiantza sortu du, ekimen egituratuak, sakonak eta jarraitzeko bokazioa dutenak egiteko. Espazio komun bateko kide izatearen sentimendua sendotzea ez da lan erraza; jarduera kohesionatzaileak artikulatzea eskatzen du, eta, aldi berean, eragileentzat garrantzitsuak direnak. Ildo horretan, ekitaldi hau beharrezkoa da, hainbat eragile bateratzea lortzen baitu, baita bikaintasun akademiko eta zientifikoko bi poloren potentziala identifikatu eta ahalik eta gehien aprobetxatzea ere. Horrela, beren funtzioak modu isolatuan garatu beharrean, ahalegin handia egiten dute beren lankidetza estutzeko”.

Nekane Balluerka UPV/EHUko errektoreak topaketa honen garrantzia azpimarratu du, eta antolatzaileak zoriondu ditu formatu berri batean ondo garatzeagatik: “Lehenengo aldiz online egin dugu jardunaldi hau, baina arrakasta erabatekoa izan da. Euskampus-Bordeaux Eguna erakundeen, entitateen, ikerketa-taldeen eta proiektu komun honetan konprometituta gauden pertsona guztien arteko topaketa eta elkarlan eguna da. Eta horren erakusgarri dira Euskampus Resiliencia  programaren bidez COVID19ren aurka bultzatu ditugun bederatzi proiektuak”.

Bestalde, Manuel Tuñon de Lara Bordeleko Unibertsitateko presidenteak erakutsi du ekimenaren garapenagatik poza. “Mugaz gaindiko proiektu hau zerbait handiago bihurtzen ari da, eta beste Euskampus-Bordeaux egun bat ospatzeak horixe erakusten du. Geure burua zoriondu ahal dugu lortzen dugunagatik, eta gehiago orain, ENLIGHT unibertsitate konsortzioan parte hartzen dugula. Unibertsitatearen denborazko eskala pertsonen bizitzena baino haratago doa. Eta uste dut garatzen ari garen proiektu hau itzulezina da, hitzaren esanahirik hoberenean”.

Ikerketa kooperatiboa bultzatzeko eta Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua eraldatzen laguntzeko helburuekin sortu zen, duela ia hamar urte, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak, DIPCren (Donostia International Physics Center) eta Tecnaliaren laguntzaz, sustatutako aliantza.

Ikerketa kooperatiboaren esparruan, aurten apustua indartu egin da, mugaz gaindiko lankidetza laborategi (MLL) berri bat sortuz, Green Concrete MLL, hormigoia eta zementu oinarria duten material jasangarriagoak ekoizteko prozesuen zientziara eta garapenera zuzendua.

MLLak Euskadiko eta Akitania Berriko zenbait erakundetako lantaldeak elkartzen dituzten nazioarteko egitura bateratuak dira eta lau urterako definitutako jarduketa programa egonkor bat dute: lankidetzako ikerketa proiektuak, tutoretza bateratuko tesiak, ikertzaileen egonaldiak, graduondoko prestakuntzaren sustapena, etab

Green Concrete MLLk ikertzaile masa handia dauka. Batetik, Euskal Autonomia Erkidegoari dagokionez, UPV/EHUko, Tecnaliako, CSIC-UPV/EHU Materialen Fisika Zentroko eta Polymat eta Materials Physics Center BERC guneetakoak; eta, bestetik, Bordeleri dagokionez, modu mistoan Bordeleko Unibertsitatearenak, Goi Mailako Ikerketa Zentro Nazionalarenak (CNRS) eta Bordeleko Eskola Politeknikoa-Bordeaux INPrenak diren Zientzia Molekularren Institutukoak, Materia Kondentsatuaren Kimika Institutukoak eta Mekanika eta Ingeniaritza Institutukoak. Green Concrete MLLren ikerketa jardueraren ardatza erronka global handi bati erantzun lokala-mugaz gaindikoa ematea da, izan ere, CO2 emisio globalen % 10 zementuak ekoiztearekin lotuta daude. Green Concrete MLLren asmoa hormigoiaren eta zementuan oinarritutako material jasangarrien ekoizpenaren zientzian eta teknologian munduko erreferentzia bihurtzea da. Ikerketa ildoen artean, honako hauek nabarmentzen dira: zementua ekoizteko prozesu berriak, zementutik eratorritako konposatuen hidratazioaren eta ontzearen azterketa, hala nola ontze prozesu horietan nanoadizioen erabilerak duen inpaktuarena, eta zementu berriekin egindako hormigoien zerbitzu errendimendua optimizatzea erresistentzia mekanikoari, propietate termikoei, energia metaketari, iraunkortasunari eta bizi zikloari dagokienez.

MLL berria aurretik zeuden hiruei gehituko zaie: AENIGME, ekoizpen jasangarri aurreratuari buruzkoa; QuantumChemPhys, eskala kuantikoko kimika eta fisika teorikoari buruzkoa; eta TRANSMATH, matematikei eta horien aplikazioei buruzkoa.

Era berean, Euskampus Erresilientzia programaren barruan onartutako COVID-19ari buruzko bederatzi proiektuak jada abiatu dira. Horietan guztietan, UPV/EHUko, Bordeleko Unibertsitateko, Tecnaliako eta DIPCko hainbat ikertzaile ari dira elkarlanean, eta inpaktu zientifiko, teknologiko, ekonomiko eta soziala izateko potentzial handia dute, lantzen dituzten gaiak direla eta: diagnostiko eta pronostiko fidagarriak; prebentzio eta tratamendu eraginkorrak; kutsaduren jarraipena eta trazabilitatea; mehatxu biologikoen aurkako babesa eta ekipamendua; eta krisi honi eta etorkizunean etor daitezkeenei aurrea hartzea eta horiek garaitzea. Beraz, sendatzeko gaitasuna sustatu eta gizarte erresiliente bat sortzeko helburua dute.

Goi mailako hezkuntzaren esparruan, ENLIGHT da proiektu nagusia eta lehenengo urratsak egiten hasi da. Europa osoko bederatzi unibertsitateren arteko nazioarteko aliantza hori –UPV/EHUk eta Bordeleko Unibertsitateak bertan parte hartzen dute, Irlandako Unibertsitate Nazionalarekin (Galway), Bratislavako Comenius Unibertsitatearekin, Tartuko Unibertsitatearekin , Ganteko Unibertsitaterekin, Göttingeneko Unibertsitaterekin, Groningeneko Unibertsitatearekin eta Uppsalako Unibertsitatearekin batera– Europako Batzordeak aukeratu zuen joan den uztailean eta, ekitatea, jasangarritasuna eta herritartasun global bat sustatuz, Goi Mailako Hezkuntzako Europako Esparrua eraldatzen laguntzeko helburu handinahia dauka. Proiektu horrek, hasteko, 5 milioi euroko aurrekontua dauka, Europako Batzordearen Erasmus+ Programaren barruan.

Euskampus-Bordeaux Egun honi, hurrengo urtean mugaz gaindiko campusaren hamargarren urteurrena ospatzearen atarikoa izan denari, UPV/EHU errektore Nekane Balluerkak eta Bordeleko Unibertsitateko presidente Manuel Tuñón de Larak eman diote amaiera, DIPCko zuzendari Ricardo Diezekin eta TECNALIAko zuzendari Iñaki San Sebastiánekin batera, baita Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu Jokin Bildarratzekin eta Akitaniako Eskualde Kontseiluko kide Mathieu Bergérekin ere.

Euskampus-Bordeaux campusa

Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak bultzatutako eskualdearteko Nazioarteko Bikaintasun Campusak emaitza garrantzitsuak izan ditu hezkuntzaren arloan. Horien artean, honako hauek nabarmentzen dira: graduondoko bost titulazio bikoitz sortzea, Erasmus Mundus zigilua daukaten bi nazioarteko master bateratu eta OCEANi3 berrikuntza pedagogikoko proiektua. Azken horretan, UPV/EHUko eta Bordeleko Unibertsitateko ikasleek eta irakasleek, askotariko diziplinatakoek, plastikoek ozeanoetan sortutako kutsaduraren arazoari irtenbideak bilatzen dizkiote.

Ikerketaren esparruan, aipatutako MLL horiei martxan dauden tutoretza bateratuko 30 tesiak gehitu behar zaizkie, baita azken bost urteetan dagoeneko defendatu diren beste 20, Europar Batasunak finantzatutako bederatzi ikerketa proiektu eta eragin handiko aldizkari zientifikoetan elkarrekin argitaratutako 300 lan ere.

Beste proiektu batzuek ere erakusten dute euroeskualdearekiko konpromisoa, adibidez: osasun eta zahartzaroaren, nekazaritzako elikaduraren, ekonomia urdinaren eta ekoizpen aurreratuaren esparruetan aktibatutako bostek, baita euroeskualdeko estrategiaren diseinuan parte hartzeak ere.

Horregatik guztiagatik, Euskal Herriko Unibertsitateak eta Bordeleko Unibertsitateak 2018ko Diálogo Saria jaso zuten. Sari horren bidez, Frantziaren eta Espainiaren arteko harremanak garatzen eta hurbiltzen rol esanguratsua bete duten pertsona, enpresa edo erakundeen ahalegina aitortzen da.