Kontroleko osoko bilkura

0

Iñigo Urkullu Lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzako sailburuek, talde parlamentarioen galderei eta interpelazioei erantzun diete Kontroleko Osoko Bilkuran.

Galdera, Maddalen Iriarte Okiñena EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, pandemian testuinguruan izaten ari diren azken gertakarien aurrean.

Iñigo Urkullu lehendakariak nabarmendu du Gobernuari neurri zorrotzak hartzea eskatu zaiola eta Eusko Jaurlaritzak Estatuko neurririk zorrotzenak hartu dituela, nahiz eta Euskadiren egoera okerrena ez izan. Gainera, azaldu du egoeraren bilakaera egunez egun jarraitzeaz gain neurriak aztertzen eta baloratzen ari direla, betiere Estatuarekiko lankidetzari eutsiz. Lehendakariak adierazi du ziurtasun faltaren eta ziurgabetasunaren aurrean oreka bermatzea ezinbestekoa dela, osasun publikoa eta osasun ekonomikoa bermatuz.

Galdera, Jon Hernández Hidalgo Elkarrekin Podemos taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Eusko Jaurlaritzak alarma-egoera berriaren aurrean hartu beharreko neurriei buruz.

Lehendakariak adierazi du, oraingoz, hartutako neurriak nahikoak direla, eta egunetik egunera egoera aztertzen jarraituko dela, hartutako neurriak ebaluatuz eta berriak proposatuz. «Uneoro baloratzen ari gara neurri horien eraginkortasuna, indarrean dauden beste batzuekin duten osagarritasuna, inpaktua eta kostua. Nolanahi ere, neurririk onena bakoitzaren erantzukizuna eta konpromisoa da», gaineratu du. Gainera, neurri berriak aztertzen ari direla jakinarazi du, besteak beste, gaueko jarduera mugatzea, jarduera fisikoa murriztea, goi mailako hezkuntza ez-presentziala, edo konfinamendu zorrotzagoak ezartzea. «Badakigu azken aukera dena ixtea eta herritar guztiak konfinatzea dela. Errazena litzateke. Hori saihesten saiatu behar dugu «, gaineratu du.

Galdera, Carlos Iturgaiz Angulo euskal Alderdi Polularra taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea ez betetzeari buruz.

Lehendakariak adierazi du Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluak ez duela terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparazioari buruzko legearen inolako urraketaren berririk eman.

Iñigo Urkulluk berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak Terrorismoaren Biktimei Aitorpena eta Erreparazioa egiteko Legea zorrotz betetzeko duen konpromisoa. «Biktimak lehentasuna dira eta izango dira legealdi honetan. Hala izan dela ziurtatzen dizut, eta hala izaten jarraituko duela», adierazi du. Ildo horretan, Lehendakariak legea behar bezala garatzeko Jaurlaritzak dituen tresnak nagusiak aipatu ditu: Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseilua eta biktimen elkarteek parte hartzen duten diru-laguntzen urteko deialdia.

Galdera, Jasone Agirre Garitaonandia EH Bildu taldeko legebiltzarkideak Lehendakariari egina, EITBko zuzendari nagusiaren izendapenari buruz.

Lehendakariak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak hitzez hitz bete duela Legearen agindua EiTBko zuzendari nagusiaren izendapenari dagokionean. Hala, gogorarazi du EITBren sorreraren legearen arabera, Legebiltzarrak aukeratuko duela zuzendari nagusia, Gobernuak egindako proposamen batetik abiatuta, eta gutxienez botoen «erdia gehi bat» lortu beharko dituelarik. » Hori da, hain zuzen, atzo egin zena Legebiltzar honetan eta hemen onartu zen erabakia», gaineratu du.

Gainera, eskerrak eman nahi izan dizkie Maite Iturberi eta bere lantaldeari zortzi urte hauetan EiTB eta ikus-entzunezko sektorearen alde egindako lanagatik eta erakutsitako konpromisoagatik.