240.643 pertsonak, guztira, txertoa jarri dute, dagoeneko, Euskadin, gripea prebenitzeko; iaz baino % 55 gehiagok

0

Guztira, arrisku-taldeetako 240.643 pertsonak txertoa jarri dute, gripea prebenitzeko, kanpaina abiarazi zenetik.
Gogoratu behar da txertaketa urriaren 13an hasi zela, eta urriaren 5ean egoitzetako erabiltzaileen eta profesional sanitario eta soziosanitarioen artean.Osasun Sailak gogorarazten du kanpainak zabalik jarraitzen duela; beraz, arrisku-populazioa babestera animatzen du, hau da, 65 urte baino gehiagokoak, haurdun dauden emakumeak eta gaixotasun kronikoa dutenak. Kanpaina horren helburua da gripearen aurrean kalteberenak diren pertsonen banako osasuna babestea, bai eta osasun kolektiboa ere, bereziki Covid-aren transmisio handiko une honetan eta osasunerako dakarren arriskua aintzat hartuta. Txertoak jarraitzen du gripearen aurkako prebentzio-neurri onena izaten.

Aurten nobedadea da Osakidetza zuzenean jarri dela arrisku-populazioarekin harremanetan, aurretiko hitzordua eskaintzeko. Kanpaina hasi zenetik igaro diren lehen bi asteetan, txertoa jarri duen pertsona-kopurua % 55,13 areagotu da, aurreko urteko aldi baliokidearen aldean. Arrisku-populaziokoa izanik ere oraindik jakinarazpena jaso ez dutenek dagokien osasun-zentrora deitu behar dute, txertoa jartzeko hitzordua emateko.

Halaber, arrisku-populazioa ez izanik ere txertoa jarri nahi duten gainerako herritarrek ere telefonoz deitu beharko dute. Baina, kasu horretan, azaroaren 2tik aurrera egin beharko dute; izan ere, lehentasunak jarraitzen du izaten arrisku-kolektiboek txertoa jartzea.

Gogoratu behar da aurten, profesionalen eta erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin, txertaketa-puntuak jarri direla Osakidetzako zentroen saretik kanpo. Ildo horretan, Osasun Sailak eta Osakidetzak osasun-profesionalen eta EAEko udalen lankidetza eskertu nahi dute.