Beatriz Artolazabal COPE Vitoria-Gasteizen ‘Urteko arabarrak’ sariaren banaketa-ekitaldian

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburua, gaur arratsaldean, ‘Urteko arabarrak’ sarien banaketa-ekitaldian izan da. Sari nagusia Camino Urdiain historialariak eta dokumentalistak jaso du; Arabako Lurralde Historikoko Artxiboko zuzendaria da 1977tik, eta hainbat eta hainbat argitalpenen egile. Oraintsu sortu du, besteak beste, ‘Las Sedes de las Juntas Generales de Álava’ trilogia. Artolazabalek zorionak eman dizkio Urdiaini, Javier Tutor COPE Euskadiko zuzendariarekin, Santiago Ruiz de Azua eta Elisa García ekitaldiko aurkezleekin, Gorka Urtaran alkatearekin, Ramiro González diputatu nagusiarekin, Pedro Elosegi Arabako Batzar Nagusietako lehendakariarekin eta Juan Carlos Elizalde apezpikuarekin batera.

Ekitaldia Europa Biltzar Jauregian izan da, eta bertako edukiera oso murriztuta egon da. Kirolen kategorian, COPEren irrati-etxe arabarrak Zuzenak erakundea aintzatetsi du; erakundearen helburu nagusia desgaitasun fisikoa duten pertsonen artean kirol-jarduera sustatu eta kudeatzea da. Erakundeak duela mende erdi ekin zion ibilbideari, gazte-talde batekin, eta, gaur egun, klubak 500 bazkide baino gehiago ditu. Urteurren bati lotuta dagoen saria Corazonistas fundazioarentzat izan da; 2009an, Vitoria-Gasteizen, Coindre Etxea ireki zuen, zenbait herrialdetatik datozen gazte migratzaileen harrera- eta mantenu-beharrari erantzuteko. Hamarkada bat baino gehiago igaro da, eta hezitzaile-talde batek modu pertsonalizatuan ematen dio arreta harrera jaso duen pertsona bakoitzari, eta, dagoeneko, guztira, 48 izan dira.

Maite Ruiz de Austri-k Kulturaren kategoriako saria jaso du. Gidoilaria, zinemako eta telebistako zuzendaria eta ekoizlea, eta, besteak beste, bi Goya sari irabazi ditu, eta Espainiako Zientzia eta Arte Zinematografikoen Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kide da. Sari Solidarioaren kasuan, Montes Solidarios elkartea hautatu da; erakundeak aniztasun funtzionala duten pertsonentzako mendi-jarduerak sustatzen eta antolatzen ditu. Enpresentzako saria Laguardiako Bodegas Casa Primicia upeltegiak (Arabako Errioxa) jaso du; 600 urteko historia du, eta Carravalsecako urmaelaren gunean hazitako ardo ekologikoaren proiektua du. Ekimen aitzindari horren ondorioz, edizio mugatu oso berezia du.