Elkarrizketari bultzada, irakasleei babesa eta ikastetxeen autonomia indartzea,Hezkuntza Sailaren jarduera-ildo nagusiak legegintzaldirako

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak gaur arratsaldez aurkeztu ditu Legebiltzarrean XII. Legegintzaldirako Hezkuntza Sailak dituen jarduera-ildo nagusiak.

Hezkuntza Batzordearen aurrean, eta Hezkuntza, Lanbide Heziketa, Unibertsitate eta Ikerketa, zein Administrazio eta Zerbitzuetako sailburuordeak lagun zituela –Begoña Pedrosa, Jorge Arevalo, Adolfo Morais eta Xabier Aizpurua, hurrenez hurren- Bildarratz sailburuak 2020-2024 aldirako bere Sailaren ildo estrategikoak laburbildu ditu.

Agerraldiaren hasieran, Jokin Bildarratzek publikoki eskertu nahi izan du ikasturte hasieran zuzendaritza-taldeek eta irakasleek erakutsi duten ahalegina eta inplikazioa. Pandemiaren aurrean, ikastetxeek erakutsi dute prest daudela irakaskuntza presentziala bultzatzeko. Gune seguru bihurtu dira, baina, sailburuak gogorarazi duenez, arreta mantendu behar da Covid-19ren aurrean.

Elkarrizketa eta akordioa oinarri

Elkarrizketak, konpromiso partekatuak, izan behar du Hezkuntza sailburuaren esanetan, legegintzaldi honetako hezkuntza-aurrerapen ororen oinarri: “Horixe da, besteak beste, datozen urteetan Hezkuntzako Euskal Lege berri bat bultzatzeko oinarria. Etorkizunean heldu beharreko erronka handiei erantzuna emango dien Legea, egonkortasuna eta kalitatea ekarriko dituena. Ia 30 urtez hainbeste eman digun lege bat eguneratuko duten oinarriak, garai berrietara egokitzeko premia baitu Lege horrek. Hezkuntza birpentsatzearen aldeko apustua egiten dugu, egungo inflexio-une hau aprobetxatuz, eta XXI. menderako hezkuntzari begira jarri. Ildo horretan, Bildarratzek adierazi du lortu beharreko akordioek euskal gizartearen gehiengo handi baten irizpideak eta sentsibilitateak jasotzea desio duela.

Datozen lau urteetan, Hezkuntza Sailak arreta berezia jarriko dio ikastetxeen kudeaketari. Ikastetxeen autonomia indartu egingo da, erabakiak eta irizpideak hezkuntza-komunitate bakoitzaren errealitatera egokituz, lehentasunezko elementu gisa. Eusko Jaurlaritzak funtsezkotzat jotzen du zuzendaritza-taldeen lidergoa indartzea, baina baita, aldi berean, irakasleen ahalduntzea bultzatzea eta hezkuntzako profesionalek euskal gizartearen aurrean duten ospea indartzea ere.

Irakasleen egonkortasunak lehentasun izaten jarraituko du Eusko Jaurlaritzarentzat. Azken urteetan eginiko lanari jarraipena emanez, Hezkuntza Sailaren nahia da Lan Eskaintza Publikoak urtero deitzea. Orotara, 3.200 plaza inguru eskainiko dira legegintzaldian. Irakasleen egonkortasun handiagoak zuzenean eragiten du irakaskuntzaren kalitatean eta, horrez gain, milaka irakasleri egonkortasun pertsonala ematen die. Hezkuntza Sailak indarrean dagoen legediak ahalbidetzen duen plaza kopururik handiena eskainiko du.

Ekitateak, euskal hezkuntza-sistemaren bereizgarrietako bat izanik, indartzen jarraituko du. Hezkuntza Sailak 100 milioi euro baino gehiago bideratuko ditu urtero ikasleen laguntza eta beketarako, eta diru-kopurua handitzeko konpromisoa hartuta egin ere, beka jasotzeko eskubidea duten familiei erantzuteko beharrezko balitz.

Hezkuntza-sistema eraldatzeko, digitalizazioari bultzada irmoa ematea ere beharrezkoa da. Hezkuntza-sistema eraldaketa teknologiko eta digitalera gehiago egokitu behar da, eskola berritzailea, modernoa eta sortzailea eraikiko bada. Ildo horretan, Hezkuntza Sailak helburutzat hartzen du ikastetxeen %100ek euren Digitalizazio Plana izatea, ikaskuntza-plataforma propioa izatea –ikasleei zuzendua-, baina baita irakasleentzako eta familientzako alderdi tekno-pedagogikoen gaikuntza integrala ere. Digitalizazioa, irakaskuntzan teknologien erabilera sustatzeaz eta zabaltzeaz haratago doa, proposamen pedagogiko ororen parte da dagoeneko, eta horregatik funtsezkoa da ikastetxe guztietan erabat ezartzearen aldeko apustu irmoa egitea.

Lanbide Heziketako VI Euskal Plana

Digitalizazioa, Lanbide Heziketan ere indartuko da. Legealdi honetan euskal Lanbide Heziketak bere lidergoa sendotzeko urratsak egiten jarraituko du. Dagoeneko definituta dauden ildo estrategikoek begi-bistan hartuta dituzte honako gako hauek: ingurunearekin harreman handiagoa izango duen prestakuntza duala, produkzio-premietara etengabe egokitzea eta 4. Industria-iraultzaren erronkei aurre egiteko gaikuntza.

Dagoeneko gertatzen ari diren gizarte-aldaketek, lan-merkatuaren berregituraketak, produkzio-prozesuen, robotikaren eta sistema adimendunen automatizazioak, antolaketa eta kudeaketa-mota berriek edo lanbide-eremu berriak agertzeak eraldaketa azkar eta etengabera behartzen dute Lanbide Heziketa.

4.0 ingurune berri hauetan, giza dimentsioa funtsezkoa da; izan ere, pertsonen, makinen, roboten, sistema adimendunen, produktuen fabrikazioaren eta zerbitzuen eskaintzaren arteko lankidetzak giza kapitalean eta haren balio-sorkuntzan jartzen du arreta. Lanbide Heziketako Euskal Legea garatzearekin eta Lanbide Heziketako V. Euskal Plana ezartzearekin batera, legealdi honetan Hezkuntza Sailak Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana diseinatu eta garatuko du.

Prestakuntza dualari dagokionez, ikasleen eta enpresen artean prestakuntza mota hau sustatzen jarraituko da, 5.000 enpresak honen garapenarekin bat egitea helburu hartuta. Lanaren bidez ikastea sustatzen duen prestakuntza hau oso emaitza onak ari da ematen ikasleen prestakuntzan. Legegintzaldiko helburua da Lanbide Heziketan arlo industrialetan ari diren ikasleen %50 baino gehiago Lanbide Heziketa Dualean trebatu ahal izatea.

Bigarren Hezkuntza euskaraz burutu duten ikasleek Lanbide Heziketan ere hizkuntza honetan ikasten jarraitzeko aukera izan dezaten, Hezkuntza Sailak sare publikoko ikasleen %60k euskaraz ikastea bilatuko du, eta portzentaje hori %55era iristea itunpeko ikastetxeetan.

Bestalde, garrantzitsua izango da Lanbide Heziketako prestakuntza-eskaintzaren %80 ikaskuntza-metodologia aktiboen bidez egitea, errendimendu handiko prestakuntza lortzeko xedez. Enpresen beharretara eguneratutako prestakuntza hori, gainera, Lanbide Heziketak Enpresa Txiki eta Ertainei (ETE) ematen dien etengabeko laguntzarekin osatuko da, legegintzaldi honetan Euskadiko 3.000 ETEri zuzeneko aholkularitza eskainiz.

Unibertsitate Plana eta ikerketari bultzada

Datozen urteetan, unibertsitatearen eta ikerketaren esparruan, Eusko Jaurlaritzak bikaintasunaren, espezializazioaren, nazioartekotzearen eta talentuaren aldeko apustua egingo duen unibertsitate-sistema baten aldeko pausoak ematen jarraitzeko asmoa du. Ibilbide luzeko apustua da hau, eta azken urteetan finkatua dagoena.

Zehatzago, Hezkuntza Sailak politika zientifikoan eta bikaintasuneko ikerketan sakonduko du, bai eta Europarekin eta RIS3 Euskadi espezializazio adimenduneko euskal estrategiarekin bategitean ere. Zientziaren edo unibertsitatearen eremuan I+G+bko inbertsioak urtean batez beste %6 handitzeko konpromisoa hartu da. Doktorego aurreko eta doktorego ondoko ikertzaileak prestatzeko programak indartuko dira, horiek euskal politika zientifikoaren estrategiara egokituz. Gainera, lehentasunezkoa izaten jarraituko du nazioarteko bikaintasun-irizpideak betetzen dituzten ikertzaileak Ikerbasqueren bidez erakartzeak.

Talentu zientifikoa erakartzeko helburuari dagokionez, Hezkuntza Sailak helburutzat hartu du bikaintasuneko 100 ikertzaile berri erakartzea Ikerbasqueren Research Fellows programaren bidez, horien artean erdiak nagusiki Euskadin prestatuak, eta helburu harturik iritsitako ikertzaile berrien %40 gutxienez emakumeak izatea, Ikerbasqueren bikaintasuneko 400 ikertzaileko kopurua lortu arte.

Egungo Unibertsitate Sistemaren Planean jasotakoa betetzeaz gain, datozen urteetan 2023-2026 aldirako Plan berria osatuko da: Plan berrian I+G+bko baliabide publikoak areagotu egingo dira.

Unibertsitatea+Enpresa estrategiak eta Lanbide Heziketa+Unibertsitatea titulazioek helburu estrategiko izaten jarraituko dute, ikas-ekinezko eskaintza duala 50 titulaziora iritsi arte zabalduz, eta LH+Unibertsitatea baterako titulazioen eskaintza handituz. Horrez gain, nazioartekotzeko ahalegin handiagoa egingo da, legegintzaldiaren amaieran nazioarteko aipamena duten 40 titulazio lortu nahi baitira.