Euskal Autonomia Erkidegoaren esku egongo da Arku Atlantikoko Batzordearen lehendakaritza 2020-2022 epean

0

Datozen bi urteetan Euskal Autonomia Erkidegoaren esku egongo da Arku Atlantikoko Batzordearen lehendakaritza. Batzordeak gaur egin du, modu telematikoan, bere osoko bilera, Periferiako eta Itsasaldeko Eskualdeen Konferentziako Biltzarraren esparruan. Lisboa e Vale do Tejo izeneko Portugalgo eskualdeak beteko du lehendakariordetza.

Lehendakariak Europako eskualdeen foro garrantzitsu honetan hartu du parte Euskal Autonomia Erkidegoa aurkezteko, bere hautagaitza nabarmentzeko eta Batzorde honen lehendakaritzapean gauzatuko duen lan-egitasmoaren mezu garrantzitsuenak helarazteko. Mezuak hauek izango dira: Europan eta nazioartean fatxada atlantikoko eskualdeen ahotsa entzunaraztea, Itsas Estrategia Atlantiko bat Makroeskualde Atlantiko baterantz eboluzionatzea, eta Arku Atlantikoko Batzordearen lan-mekanismoak indartzea batzorde horren lana nabarmentzeko.

Gainera, Arku Atlantikoko Batzordearen Zuzendaritza Politikoko Talde berria eratu da. Talde horrek Batzordearen lanak zuzenduko ditu, bere izaera politikoa sustatuz. Euskal Autonomia Erkidegoak Zuzendaritza Talde horren Lehendakaritza ere izango du, Europako fatxada atlantikoaren eskualde-esparruan lider gisa izango duen papera indartuz.

Azkenik, Arku Atlantikoko Batzordearen Ekintza Planaren proposamen bat aurkeztu da 2020-2022 eperako. Bertan, osoko bilera honekin hasiko den aldirako ekintza-ildo garrantzitsuenak bildu dira.