Iñaki Arriola: «Etxebizitza-politikek eskaintzan eta eskarian eragina izango duten jarduera integralak behar dituzte»

0

Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetaok sailburu Iñaki Arriola elkarrizketatu dute, gaur goizean, Radio Euskadiko “Boulevard” saioan. Bertan, etxebizitza-politiketan jarduketa integralak egiteko beharra azpimarratu du, eskaintzan eta eskarian eragina izango duten jarduketak.

Arriola sailburuak azaldu duenez, etxebizitza eta, zehazki, etxebizitza eskuragarrien arloan Sailak egiten dituen jarduerak parke publikoaren eskaintzaren hazkunde iraunkorra eta merkatu libreko alokairua ordaintzeko laguntzak konbinatzen ditu. Ildo horretan, zehaztu du gaur egun euskal erakundeek 24.000 etxebizitza kudeatzen dituztela eta eskaintza hori handitzeko asmoa dutela, zuzeneko sustapenaren bidez eta etxebizitza hutsak eskuratuz. Horri gehitu behar zaio, Arriolak azaldu duenez, Euskadin alokairua merkatu librean ordaintzeko dauden laguntzak, guztira 26.000 familia artatzen dituena.

Espainiako Etxebizitzaren Legearen etorkizuneko proiektuan alokairuen prezioa arautuko dela iragarri dela eta, sailburuak esan du adi egon beharko dela ikusteko nola aurreikusten diren neurri horiek behin betiko lege-proiektuan, eta ea autonomia erkidegoei eta udalei arlo horrten neurriak hartzeko aukera ematen zaien. Nolanahi ere, sailburuak gogorarazi du EAEko Etxebizitzaren Legean zerga-neurriak gaitzea proposatu dela, sustapen-jarduerak eta jarduera murriztaileagoak uztartzeko. «Alokairuen gaineko fiskalitateak, zentzu batean edo bestean, alokairuak arautzen lagunduko lukeela uste dugu», gaineratu du.

Iñaki Arriolak Sailak hiri-birgaitzearen eta hiri-berroneratzearen arloan egiten dituen jarduerak ere azaldu ditu. Azken horri dagokionez, adierazi du jarduera integraleko hainbat esperientzia pilotu egin direla, etorkizunean horrelako programak sustatzeko balioko dutenak.

Euskal Y-aren garapenari dagokionez, Arriola sailburuak adierazi du zuzeneko elkarrizketak mantentzen direla Garraio Ministeritzarekin eta ADIFekin jarduketak koordinatzeko. Eta adierazi du urte amaierarako edo datorren urtearen hasierarako zatien eta egiteke dauden jarduketen egutegi bat egongo dela, arrazoizko gauzatze-epeekin.