Javier Hurtado sailburuak turismo, ostalaritza eta merkataritzako erresistentzia-planaren neurriak aztertzeko erakunde arteko mahai baten deialdia iragarri du

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok agerpena egin du gaur goizean Eusko Legebiltzarrean, bere Sailaren jarduketa nagusien eta ildo estrategikoen berri emateko asmoz.  Sailburuak azaldu duenez, turismo, merkataritza eta kontsumoaren arloko politikak bideratzeko ardatzak honako hauek izango dira:

Gobernu-programa.
Erakundeen arteko leialtasuna eta gobernantza.
Sektorearekiko aliantza

“Horrela bideratuko ditugu gure politikak, legegintzaldi honetarako gobernu-programaren erreferentzia-esparruan. Jarduteko zutabeak erakundeen arteko leialtasuna eta lankidetza izango dira. Legebiltzarrarekiko harremanak adostasunik handienak lortzeko helburua izango du. Eta sektorearen aliatuak izango gara. Nigan babesa eta baterako lan koordinatua aurkituko dute beti”, zehaztu du.

Turismoaren eta merkataritzaren egoera

Oinarri horrekin —azaldu du sailburuak—, COVID19ak eragindako krisi-egoera batean sartuta gaude, eta turismoaren, merkataritzaren eta ostalaritzaren sektoreak dira krisiak gehien kaltetu dituenak, krisiaren aurretik oso egoera desberdinean bazeuden ere. Ostalaritzaren sektorearen % 65ek jasan du ABEEE bat. Turismoan, % 41ek jasan du, eta merkataritzan, berriz, % 21ek.

Pandemiaren aurretik ere, mundu analogikotik mundu digitalerako bidea egitean merkataritzaren historiako eraldaketarik handienetako batgertatuko zela aipatzen zen. Erosteko ohitura berriak, biztanleriaren zahartzeak eragindako gizarte-aldaketak, jasangarritasunaren aldeko apustua, adimen artifiziala edo Big Data aliatuak izan daitezke merkataritzak bere hurbiltasunari eta tratu pertsonalizatuari lotutako ahalmenari gaineratu diezazkion, eta esperientzia paregabea eskain dezakete. Horretarako, digitalizazio bizkorragoa eta eraginkorragoa behar da.

“Sailak garbi dauka tokiko merkataritzak bere identitateari eta berezitasunari eutsi behar dielabirmoldatzeko eta modernizatzeko prozesu horretan.Eta, helburu gisa, planteatu dugu lehiakortasunaren hobekuntza eta digitalizazioaren bultzada are neurri handiagoan sendotzea eta enplegua sortuko duen euskal merkataritza indartsuago, sendoago eta lehiakorrago bat finkatzeko aukera bultzatzea”.

Aitzitik, turismoa hazkunde jarraitu eta jasangarriko egoera batean zegoen pandemiaren aurretik. Zehazki, 2020. urtearen hasieran, turisten kopuruak % 13ko hazkundea izan zuen urtarrilean eta otsailean, baina % 47ko beherakada izan du udan.

“Euskal turismoak erakutsi duen lehiakortasun horrek suspertzeko tresnarik onena izan behar du orain. Eta baliagarria izan behar du eraldaketa- eta aukera-tresna gisa. Nolanahi ere, tresna horren ezaugarri bereizgarriak jasangarritasunaren aldeko apustua eta estrategia eta kudeaketa turistikoan agertu beharreko erantzukizuna izango dira.