BetiON-ek 205 familiari ematen die arreta, Zaintzaileei laguntza emateko Telelaguntza Programaren bidez

0

betiON telelaguntzako zerbitzu publikoak zerbitzu berezia eskaintzen die 205 familiari, Zaintzaileei Laguntzeko Telelaguntzako Programaren bidez. Programa horrek, Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako sailburuordeak esan duenez, “arreta zerbitzuaren pertsona onuradunean ez ezik, zeinak kasu bakoitzean beharrezko arretak jasotzen jarraitzen baitu, zaintzaileari arreta ematean eta tresnak eskaintzean ere jartzen du, azken horrek gainkarga duenean”.

Gizarte Politiketako sailburuordeak programa horri buruzko xehetasunak eman ditu, aste honetako ostegunean egingo den Zaintzaileen Egunaren bezperetan. Zaintzaileei Laguntzeko Telelaguntzako Programak estaldura eskaintzen die zaintzaileen beharrei; zaintzaile horiek, nagusiki, emakumeak dira. Horretarako ez du gainkargarik zerbitzu horrek. “Prestakuntza, teknologia eta detektagailuak eskaintzen dira, bai, baina gakoa laguntza da”.

Programak zaintzaileen lana sustatzen du, eta, beraz, mendeko pertsonen zaintzak hobetzen laguntzen du, baina haien bizi-kalitatearen hobekuntzan ere badu eragina. Horretarako, zenbait prestakuntza-ekintza antolatu dira online, bai eta zaintzarekin zerikusia duten alderdietan pertsona horien prestakuntza areagotzeko gidak ere. Teknologia dela eta, zaintzaileei atsedena eman diezaieketen eta, beharrizan zehatz bat egonez gero, alarma piztu dezaketen sentsoreak daude; hala, zaintzaileen atsedenerako bide ematen da.

Laguntza pertsonalizatua betiONeko teknikarien eskutik dator; teknikari horiek prestakuntza berezia dute, eta zaintzaileekin harreman arina izateaz arduratzen dira, konfiantzazko harremana ezartzeko. Gainera, tresnak, aholkularitza eta laguntza emozionala eskaintzen dizkie. Zaintzaileek beti daude betiONeko pertsona berarekin harremanetan. Laguntza horren helburua honako hau da: zaintzaileen isolamendu-arriskua murriztea eta zaintzan erantzunkidetasuna sustatzea; oinarrizko zaintzei eta autozaintzei buruzko prestakuntza eta informazioa ematea; zerbitzutik laguntza emozionala ematea; aholkularitza egokia eman diezaieketen zerbitzuetarako harremana bideratzea, eta haien aintzatespen sozialerako laguntzea.

“Kasu guztietan mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten zaintzaile familiartekoez ari gara, ez profesionalez. Normalean zaintza jasotzen duen pertsonarekin bizi direnei eta honako ardura hauek dituztenei buruz: higienea, pertsona hori mugitzea, laguntza ematea, konpainia egitea, elikatzea, etxeko lanak egitea eta erizaintzako eginkizunak ere betetzea, besteak beste sendaketak, medikazioaren dosifikazioa etab.”, esan du Amilibiak.

betiONen, gaur egun, 205 zaintzailek dute telelaguntza zerbitzuan plus hori; % 85,85 emakumeak dira. Sailburuak esan duenez, “Zaintzaileetan maizen errepikatzen den profila honako hau da: emakumea, gutxienez 70 urtekoa, ezkontidea zaintzen duena, zaintzarako prestakuntza berezirik gabea”.

betiONeko zaintzaile-kop., generoaren eta harremanaren arabera
Zaintzaileak Gizona Emakumea Guztira, oro har
Ezkontidea 15 93 108
Neba-arrebak 2 2
Seme-alabak 13 73 86
Ilobak 1 2 3
Amak/Aitak 5 5
Beste batzuk 1 1
Guztira, oro har 29 176 205

Programa horretara jotzeko, zaintzak jasotzen dituen pertsonak betiONeko erabiltzaile izan behar du, eta zaintzailearen gainkarga ebaluatu egiten da Zarit eskalaren bidez, etxean, aurrez aurre. Eskala hori oso baliozkotzat jotzen dute eremu sozialean gizarte-laneko prestakuntza duten telelaguntzako langileek. Hala, entzute aktiboa eskaintzen zaie eta zaintzailearen egunerokoari buruzko informazio osagarria jaso daiteke.

Omenaldia

betiONek programa hau abian duen lau urteotan, 498 familia igaro dira programatik. Ostegun honetan Zaintzaileen Eguna denean, telelaguntza zerbitzu publikoak omenaldia egin die pertsona horiei guztiei, eta betiONeko langileekin izandako elkarrizketetan entzundako benetako esaldi batzuk jaso ditu.

Zehazki, hamabi dira nabarmendu dituen esaldiak. Esaldi horiek liburuxka batean argitaratu dira, eta posta arruntez bidali zaizkie gaur egun zaintzaileei laguntzeko Telelaguntza Programan parte hartzen duten 205 pertsonei.

Besteak beste: “Gauean senarra ohean sartzen dudanean, masailean atximur maitekorra egiten dit. Une horietan, belusezko sentitzen naiz”; “Asko maite dut emaztea. Bere ile-apaintzaile partikularra naiz, eta azazkalak ere margotzen dizkiot, pozik egon dadin eta bere burua txukun ikusteko, berari gustatzen zaion moduan. Horrekin pozik badago, neu ere bai”.

betiON

Gaur egun, betiONek 57.100 erabiltzaile baino gehiago ditu.

Telelaguntza gizartean laguntzeko eta esku hartzeko zerbitzu teknikoa da, Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak eskaintzen duena, eta erabiltzaileei aukera ematen die, telefonoaren bidez eta komunikaziorako ekipamendu informatiko bereziarekin, etengabeko arreta-zerbitzua izateko, eguneko 24 orduetan eta urteko egun guztietan, gizarte-larrialdietako edo -beharrizaneko egoeretara egokitutako erantzuna emateko prestakuntza berezia duten pertsonen eskutik, dela beren kabuz, dela beste baliabide komunitario batzuk mobilizatuz.

betiON zerbitzua bakarrik bizi diren 75 urtetik gorakoei zuzentzen zaie; gizarte-zerbitzuek aitortutako mendekotasun-egoeran edo ahultasun-egoeran bizi diren 65 urtetik gorakoei; adimen-desgaitasuna, fisikoa edo sentsoriala eta mendekotasun aitortua duten pertsonei, maila edozein dela ere; eta buruko gaixotasuna diagnostikatuta duten eta mendekotasun-egoera aitortua edo gizarte-bazterketako arriskua bizi dutenei.

Zerbitzu hori jaso nahi duten pertsonek beren udaleko oinarriko gizarte-zerbitzuen bidez jo dezakete zerbitzura, 012 telefonoaren bidez, ZUZENEANen bidez edo honako webgune honen bitartez: https://www.euskadi.eus/betion.